Gabonetako ekitaldiak antolatzeko igandera bitarte eman dezakete izena herriko taldeek

Maria Maya Manterola 2023ko azaroaren 7a

Errege Magoen iazko kabalkada. (Juan Luis Romatet)

Gabonetako Jaiotzan, Erregeentzat kartak jasotzen eta kabalkadan lagundu beharko dute izena ematen duten taldeek. Alondegira jo beharko dute horretarako.

Iaz egin bezala, aurtengoan ere Gabonen bueltan izango diren ekitaldiak antolatzen laguntzeko deialdia zabaldu du udalak, eta irabazi asmorik gabeko herriko elkarte, talde edota kolektiboek izango dute horretan laguntzeko aukera. 

Norbanako ugarik parte hartzen dute ekitaldi horietan, baina talde handi baten beharra dutela jakinarazi dute. Interesa duten taldeek azaroaren 12a baino lehen apuntatu beharko dute Alondegian, bertara joanda edo 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta nahiz kultura@zumaia.eus helbide elektronikora idatzita.

Behin epea amaituta, taldeekin bilera egingo du udalak, eta jakinarazi du lan guztiak Kultura eta Turismo sailetako ordezkariekin batera zehaztu eta burutuko dituztela.

Dena den, aurreratu dute, ohi bezala, lankidetza beharko dela abenduaren 24 arratsaldeko Jaiotzarako; urtarrilaren 4an Erregeen pajeekin batera haurren kartak jasotzeko; eta urtarrilaren 5ean, berriz, Eusebio Gurrutxaga plazan egongo den Jaiotzan, eta baita Kabalgataren prestaketan eta ibilbide osoan ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide