2011. urte amaieran argitaratu zuen Kantu bat gara arrakastatsuari segida eman dio Jon Maiak gaur Bilbon aurkeztu duen Kantu berri bat gara disko-liburuan. Orain bi urte atera zuen disko hartan beste talde edo abeslarientzako egindako letra propioen moldaketak eskaintzen zituen; disko berri honetan, aldiz, hamar abesti berri eta lau bertsio jaso ditu Maiak.
Berea duen gai edo diskurtsoarekin jarraituta, identitatearen gaia landu du disko berri honetan ere. "Disko-liburu hau pentsamenduz eta bihotzez eraikitako obra bat da. Sentimendu eta sentipenak zentrifugadora batean sartu eta haien askapen ariketa bat egiten du Jon Maiak", irakur daiteke diskoaren publikazioa iragartzeko igorritako oharrean.
Kolaboratzaileak ez dira falta Kantu berri bat gara honetan. Silvio Rodriguez euskaraz entzuteko aukera izango dute diskora hurreratzen direnek. Pello Ramirez, Nerea Quincoces, Nacho Soto, Gorka Hermosa, Gozategi, Maddalen Arzallus, Gari, Itziar Ituño edo Olaia Inziartek ere kolaboratu dute diskoan, baita Luis Pastor kantautore extremadurar-madrildarrak ere.
Liburu-disko formatuan argitaratu du proposamen berri hau, eta haren orrietan poema luze bat ere erakutsi nahi izan du Maiak, zertzelatutako bidearen zutarrietan kiribiltzen dena, Bereterretxeren Kantoria abiapuntu, Gernikara, militarizaziora, hizkuntzara, zigorretara eta kolektibotasunaren habearen azpietaraino doana, maitasunari ere keinu eginez.