Boluntariotza

Mari Jose Iparragirre, arterako pasioa helarazten

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 10a, 15:00

Mari Jose Iparragirre bere lokalean. (Aritz Mutiozabal)

Bokazio handiko artista da Mari Jose Iparragirre (Orio, 1954). Sortzaile geldiezina izateaz gain, borondate itzela du. Margogintzan Iñigo Ormazabal eta Javier Sagarzazurekin trebatu ondoren, bere kabuz ekin zion bideari. Herritar  batek komentatu zion Iparragirreri seme-alabak gustura eramango zituzkeela margotzen ikastera, baina Orion marrazketa eskolarik ez zegoela. "Zure aitonak niri fabore bat egin zidan bere garaian, eta oraingoan nik egingo dizut faborea. Horrela ados geratuko gara", erantzun zion.

Hala, Rosa Esnalek eta biek joskintzan aritzen ziren eta arropa konponketak egiten zituzten lokal txikian hasi zen eskolak ematen: aurrena seme-alaba haiei, baina berehala handitu zen taldea, haien lagunak ere interesa erakutsi  zutelako. "Nola esango nien ezetz! Nik nire garaian horrela aukerarik izan banu, gustura asko joango nintzatekeen. Beraz, umeei etortzeko esaten diet". Kontua da horrenbeste lagun animatu zirela, ezen lokaltxo hartan ez zirela denak kabitzen.

"Egunero norbait berria etortzen zitzaidan, eta nik esaten nion: 'Zuretzako ere egingo dugu tokia!'"

Alabak eta suhiak zeukaten lokal handiago batera lekualdatu zen, Salatxo ondora, eta bi ilara mahai jarrita atondu zuen espazioa. "Egunero norbait berria etortzen zitzaidan, eta nik esaten nion: 'Beno, zuretzako ere egingo dugu tokia!'". Dozena bat urte eman zituen bertan "oso gustura", eta, gainera, sortzen zituen eskulanekin erakusleihoan egundoko "muntaiak" egiten zituela dio Iparragirrek: "Askotan tematikoak izaten ziren, eta herritarrak ikustera bertaratzen ziren". Behin etapa hori  igarota, klaseak emateari utzi zion, baina berak jardunean jarraitu zuen.

Aldi horretan egindako lanekin erakusketa zabaldu zuen Gure Txoko tabernaren eta litxarreria denda arteko lokalean. Ikustera joan ziren haurrak ea jada zergatik ez zuen eskolarik ematen galdezka hasi zitzaizkion, baita gertuko bat ere. "Pena eman zidaten, egia esan". Gertuko zuenari larunbat batez lokalera joateko esan zion, eta berriro ere ahoz aho zabaldu zen berria: "Berriz etortzen hasi ziren, eta haiek ikusita, beste batzuk ere animatu egin ziren, lehen ibilitakoak zirela eta jarraitu nahi zutelaesanez. Horrela hasi nintzen berriro ere, eta jada bi urte 
goaz”.

"Ordubetez aritzeko hiru haurrekin, zertan hasiko naiz tarifa bat jartzen. Beharrik ez dut eta diferentea da"

Lokal txikia duen arren, "ezezko" hitza ez da ageri bere hiztegian: "Umeei erakutsi egin behar zaie, jakin-min hori baldin badute". Berehala hunkitzen dela dio, sentsibilitate artistikoa duen seinale, eta haurrak arte mundura zaletzea du helburu; izan ere, "egungo jendea oso lotuta dago makinitetara eta mugikorretara, eta hori ez zait batere gustatzen". Eskolak ematen ditu, borondatearen truke: "Zenbat den galdetzen didate gurasoek, eta nik lasai ibiltzeko erantzuten diet. Lehen gutxi eskatzen nuen, lokala behean genuenean, gastuak ordaintzeko esaten dena; baina hemen ez dut ezer eskatzen". Kaxa gorrixka bat du, nahi duenak bere ekarpen ekonomikoa egin dezan. "Iruditzen baldin bazaie dirua jasotzea merezi dudala, kaxan bertan sartu eta kito. Ni ez naiz jabetzen zenbat ematen didaten. Are gehiago, ez diet ezer aurpegiratzen".

Arraroa da gisa horretara funtzionatzea, eta Iparragirre bera ere kontziente da. "Ikastaro guztietarako ordaindu egiten da gaur egun, baina nik neure buruari esan nion: ordubetez aritzeko hiru haurrekin, zertan hasiko naiz tarifa bat jartzen. Beharrik ez dudanez, diferentea da". Oraindik hasiera-hasierako lehen ikasle haiek topatzen ditu kaletik, eta "agur Mari Jose!" agurtzen dute. Batzuen izenak berehala gogoratzen ditu, eta besteenak, berriz, gerora etortzen zaizkio akordura. "Kasu egiten didaten guztietan sekulako poza ematen didate. Horrek esan nahi du 
gustura ibili zirela nirekin. Asko balio du niretzat".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide