Ametsa egia bihurtzeko bidean

Juan Luis Romatet 2023ko azaroaren 12a

Unai Uranga Zumaiako Aitzuri frontoian. (Juan Luis Romatet)

Aspaldiko amets bat betetzeko aukera du Unai Uranga puntista zumaiarrak. Hiru hilabetez jokatuko du Daniako (Florida, Estatu Batuak) frontoian abendutik aurrera. Jokoarekin gozatzen ari dela dio eta esperientzia hau bizitzeko gogoz da.

Estatu Batuetako jai alaieko pilotaleku garrantzitsuenetakoa izan da Daniakoa. Bertan jokatu dute, esaterako, Gotzon Enbilek eta, Ameriketan bizitako azken urteetan, Iñaki Osa Goikoetxeak. Beste zumaiar batek frontoi mitiko horretako kantxa zapaltzeko aukera izango du, Unai Urangak (Zumaia, 1994), hain zuzen ere. Julen Cabanillas gaztea ere Floridara joango da, Daniako frontoian jokatzera. Azaroaren 30ean joango dira Estatu Batuetara eta hiru hilabetez esperientzia hau bizitzeko aukera izango dute.

Aurrez ere, orain urtebete inguru, izan zuen Floridara joateko aukera, baina orduan ez zuen aprobetxatu. “Frontoia itxita egon da azken urteotan, baina iaz bi hilabeterako zabaldu zuten. Hara joateko aukera izan nuen, baina ez nintzen joan”. Amerikak egitera joan ziren lagunen irudiak-eta ikusterakoan inbidiarik sentitu ote zuen galdetuta, irribarre batekin erantzun du. Orain beste leiho bat zabaldu da, eta aukerari ez dio muzin egin. “Iñakik-eta [Osa Goikoetxea] hara joateko maila banuela esaten zidaten. Iñaki Daniako frontoiko intendentearekin harremanetan jarri zen eta nire izena proposatu zion”. 

Iaz bi hilabeterako zabaldu zuten frontoia, baina aurten beste hilabetez egongo da zabalik. Azken egunetan Estatu Batuetara joateko bisatua eta hegaldiak lotzen aritu da atzelari zumaiarra. Lanean ere baimena eman diote amets hau betetzeko. Beste lau puntistarekin batera etxe bat alokatu dute, eta auto bat hartzeko asmoa dute estatuan zehar bidaiatzeko. Azaroaren 30ean izango du Miamirako hegaldia eta apenas atsedenik hartu gabe, hurrengo egunean, abenduaren 1ean, kantxaratuko da lehendabizikoz. “Bisatuak 90 egunez egoteko baimena ematen digu. 88 egunetan frontoiaren bueltan ibiliko gara, eta beste biak hegaldietan”.

Asteko zazpi egunetatik bostetan izango dituzte partidak, eta beste bietan Floridako lekuak ikusteko aprobetxatuko dutela dio Urangak. Partidak kiniela formatuan jokatuko dituzte, Estatu Batuetan ohikoa izan duten bezala. “Hemen kiniela gutxi jokatu ditugu. Presio gehiago ere izango dugu; hemen huts batzuk egiteko edo partidan zehar pixka bat erlaxatzeko aukera izaten dugu. Kinieletan, berriz, huts egiten baduzu kalera zoaz. Han, gainera, banaka ere jokatu beharko dut. Partida gehien bikoteka dira, baina izango dira banakako batzuk ere eta hor ez nago hain ohituta”. Floridara joan aurretik joko aldetik argibide batzuk jasotzen ari dela ere aipatu du.

Zesta punta momentu gozoa ari da bizitzen Euskal Herri mailan. Frontoietako harmailak bete egiten dira zaletuekin. Esperientzia hori bizi nahiko luke puntista zumaiarrak. Gaur egun afizionatuen mailan jokatzen du. “Esango nuke profesionalek baino partida gehiago jokatzen ditugula, nahiz eta inor ez den konturatzen. Guk ere beharko genuke komunikazioa hobetzea”. Elkarrizketa bukatu bezain pronto autoa hartu zuen Markinara joan eta lagunarteko partida bat jokatzeko. Lehiari dagokionez, une hauetan Gipuzkoako txapelketa jokatzen ari da; Cosme eta Gonzalo Agirre ere ari dira txapelketa jokatzen. “Finalera heltzeko aukerak ditugu”, dio.

Kirol mailan une polita bizitzen ari dela onartu du Unaiek. “Inoiz baino hobeto jokatzen ari naiz, lasaiago eta hainbesteko presiorik gabe. Jokoarekin gozatzen ari naiz”. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide