Behobia Donostia lasterketa ezagunaren 58. edizioa jokatu zuten atzo milaka lagunek, eta Zumaiako hainbat ordezkari izan ziren tartean. Zehazki, herriko 42 korrikalari izan ziren proba osatu zutenak, guztira izena eman zuten 51en artean.
Bada, lasterketa osatu zuten Zumaiako korrikalarien artean Helene Alberdi izan zen azkarrena eta oso gertu izan zuen podiumera igotzea bere kategorian, izan ere, laugarren sailkatu zen emakumezkoetan hirugarrenarengandik 50 segundora baino ez eta Laura Rodriguez irabazlearengandik minutu eta hamabost segundora. Gainera, kilometro askotan eutsi zuen lasterketaren erritmoa markatu zuen taldetxoan. 01:15:37 izan zen Alberdik helmugan markatu zuen denbora.
Triatletaren ondoren, Peru Tolosa izan zen denbora onena eskuratu zuen zumaiarra eta gizonezko azkarrena. Azken hau ere triatleta, Alberdik baino 29 segundo gehiago behar izan zituen 20 kilometroko ibilbidea osatzeko. 01:16:06 izan zen Tolosaren denbora, hain zuzen ere.