A30 greba feminista orokorra

Azaroaren 30ean greba feminista orokorrera deituz eskualdeko ekitaldia egingo dute igandean Zumaian

Nerea Uranga 2023ko aza. 13a, 17:25

Azaroaren 30eko greba feminista orokorrerako deia. (Denon Bizitzak Erdigunean)

Urola Kostako Mugimendu Feministak Urola Kosta mailako ekitaldi bateratua antolatu du azaroaren 19rako, Zumaiako Kofradian. Eskualdeko herrietatik Zumaiara elkarrekin joateko hitzorduak jarri dituzte.

Azaroaren 30erako greba feminista orokorrera deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. "Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde" egingo dute greba. "Pertsona guztiok bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea" aldarrikatuko dute hil honen azkenengo egunean.

Greba feminista orokorraren deialdiarekin lotuta, Urola Kostako Mugimendu Feministak eskualde mailako ekitaldia egingo du azaroaren 19an, igandean, Zumaian. 12:00etan hasita, ekitaldia egingo dute, eta han bildutako guztiek batera grebari babesa adierazteko argazkia aterako dute. Ondoren, Akeleia musikariaren eta beste musikari batzuen saioa izango da, eta pintxoak eta edatekoa ere jarriko dituzte.

Igandean Zumaian egingo den ekitaldira elkarrekin joateko Urola Kostako hainbat herritatik hitzorduak jarri dituzte. Honako hauek dira igandean herriz herri mugimendu feministakoek jarritako hitzorduak:

  • Azkoitia: 10:30ean, Liburutegiaren aurrean.
  • Azpeitia: 10:00etan, bizikletaz Zumaiara joateko, Perez Arregi plazan. 11:30ean, autoz joateko, Perez Arregi plazan.
  • Zestoa: 11:00etan, Zumaiarako autobus geltokian.
  • Aizarnazabal: 11:30ean, udaletxe aurrean, elkarrekin autoetan joateko.
  • Orio: 10:35ean, autobus geltokian.
  • Zarautz: 10:00etan, oinez joango dira Zumaiara, Musika plazatik irtenda. 10:55ean, autobus geltokian.
  • Getaria: 10.30ean, autobus geltokian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide