Gozatua hartu zuten atzo iluntzean Zumaiako eskubaloi zaleek, Lubaki kiroldegian, Donostiako Beraberaren eta Barakaldoko (Bizkaia) Zuazoren arteko Euskal Kopako finalarekin, nahiz eta partidak ez zuen emozio handirik izan. 31-17 gailendu zen talde gipuzkoarra.
Norgehiagoka ikustera Lubakira gerturatu zirenek bazekiten aldez aurretik litekeena zela donostiarren aldeko errenta zabaleko emaitza erakustea markagailuak partidaren amaieran. Dena den, Guerreras Iberdrola ligako txapelduna eta Europara sailkatzear izan den taldea etxean ikusteko gutxitan izaten denez, apenas geratu zen eserleku hutsik harmailetan.
Kantxan, berriz, hamarnaka gaztetxo elkartu ziren klubak bertan egokitutako eserlekuetan partida bertatik bertara ikusteko. Gogotik animatu zuten Berabera bigarren zatian. Aurrez, ordea, atsedenaldian, irudi ederra utzi zuten; izan ere, joko eremua hutsik zegoela aprobetxatu zuten baloia hartu eta jaurtiketak egiteko. Hala, argi utzi zuten Pulpok baduela urte askotarako harrobia. Era berean, ez zuten aukera galdu partida amaieran talde bateko zein besteko jokalariekin argazkiak ateratzeko eta sinadurak eskatzeko.