Zumaiako Udalak iragarri ditu aurtengo Julene Azpeitia ipuin lehiaketako irabazleak. Epaimahaia osatu zuten Ana Urkizak, Castillo Suarezek eta Josu Waliñok 36. edizio honetara aurkeztutako 56 lanen artean –horietatik bost zumaiarrek idatzitakoak– aukeratu behar izan dituzte irabazleak.
Hala, lehen saria, 3.000 eurokoa, Aintzane Usandizaga Lopez lasarteoriatarrari eman diote Oinak ipuinagatik. Bazterkeria jorratzen du idatzi honek, eta epaimahaiari "oso ondo idatzita" dagoela iruditu zaio. "Gai gogor bat goxo tratatzen du. Iradokitzailea eta fina da, tonua eta erritmoa batera eramaten ditu eta horrekin guztiarekin irakurlearengan enpatia sortzen du". Usandizagak badaki zer den lehiaketa hau irabaztea; 2014ko edizioan lehen saria eman zioten.
Bigarren saria, berriz, 1.500 eurokoa, Igor Mercado Azcuenagak irabazi du Delineatzaile erretiratua lanarekin. "Erretiratu berria den pertsona baten pasadizo bat kontatzen da bertan. Pertsonaia oso ondo deskribatzen da, oso presente egiten da eta kontatzeko moduarekin erabat harrapatzen du irakurlea".
Zumaiar onenaren saria, aldiz, 1.000 eurokoa, Maddi Altuna Galfarsororentzat izan da Omatofobia ipuinagatik. Epaimahaiaren ustetan, "ipuin honetako istorioa arrunta izanik ere, oso ondo idatzia dago, freskotasuna dakar, ederki josia dago eta amaiera biribila ematen dio idazleak".
Sari banaketa ekitaldia datorren asteazkenean, azaroaren 29an, egingo da, asteazkenarekin, 19:00etan, Aita Mari zinema aretoan. Ondoren literatura emanaldi musikatua eskainiko da. Iñar Sastre, Olatz Prat eta Joxe Mari Iturralde igoko dira agertokira.