Udalak babesa adierazi die atzo eraso zituzten gizarte zerbitzuetako langileei

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 23a, 19:45

Branka, Gizarte Baliabideen Udal Zentroa (Baleike)

Mehatxuak egin zizkien Branka bulegora bertaratu zen herritar batek eta kalteak eragin zituen eraikinean. Horren aurrean, gertatutakoa salatu eta "funtsezko" zerbitzua ematen duten profesionalen lana goraipatu du Udal Gobernuak.

Zumaiako Udalak adierazpena plazaratu du atzo eguerdian Gizarte Zerbitzuen bulegoan gertatutakoa salatu eta bertan ziren langileei babesa eta elkartasuna adierazteko. Udalak azaldu duenez, herriko gizarte baliabideen Branka zentroan "lanean zeuden udal langileak mehatxatu eta beldurrarazi zituen herritar batek, eraikinean kalteak sortzearekin batera".

Horren aurrean, herritar hark atzo izan zuen jokabidea "onartezina" dela adierazi du udalak. Ildo beretik, azpimarratu du ez duela halako indarkeria edo mehatxu ekintzarik onartuko gizarte zerbitzuak eskaintzen ari diren profesionalekiko, "ezta beste inorekiko ere", horrelako jokabide eta erasoek "Zumaian ez dutelako lekurik".

Era berean, gizarte zerbitzuetako langileek betzeten duten zereginaren garrantzia nabarmendu du: "Haien lana funtsezkoa da gure komunitatearen ongizaterako. Era berean, zailtasunak zailtasun lana egiteko duten dedikazioa eta profesionaltasuna aitortu eta balioan jarri nahi dugu. Horiek horrela, langile horiek dituzten beharrei erantzuteko konpromisoa hartzen dugu".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide