Lurzorua babestea guztion ardura dela uste dute Euskal Kostaldeko Geoparkeko kideek, eta zaintza hori behar bezala egiteko, baliabide horren balorea ezagutzea beharrezkotzat jotzen dute. Horregatik, abenduaren 3an, igandean, Lurzoruaren Munduko Egunez, Txindurri Iturrira irteera antolatu dute. Hala, nekazaritza eta abeltzaintza ustiategi horren sagardo ekologikoa egiteko maneiatzeko modu ekologikoak ezagutu ahal izango dira bisitan.
Goiz osoko jarduera izango da, 10:00etan hasi eta 14:00ak bitarte, eta familia osoak parte hartzeko modukoa da ekintza. Aurrez izena emateko eskatu dute antolatzaileek, helbide honetan edo Debako Turismo Bulegora deituta (943-19 24 52).
Lurra, azala baino gehiago
Lurzoruaren garrantziaz aritu da Geoparkea prentsa oharrean. Izan ere, "zapaltzen den azala" baino askoz ere gehiago dela azaldu dute: "Haren gainean altxatzen ditugu eraikinak eta azpiegiturak, bera da edango dugun ura garbituko duen filtroa, hor gordeko da atmosferan soberan dagoen karbonoa, baina, batez ere, gure elikagaiak lortzeko ezinbesteko euskarria da. Lurzoruaren babes ezak higadura eta kutsadura arazo larriak dakartza; eta ekuazio horretatik ere biodibertsitatea galtzaile aterako da".