Eguerdi partean egin den elkarretaratzeak eman dio amaiera greba feminista orokorreko goizeko txandari. Goizean zehar piketeak aritu dira kalez kale, eta Otezuri adinekoen zentroan ere elkarretaratzea egin dute. Handik Zubitxikira bertaratu dira, 12:30erako iragarrita zegoen elkarretaratzean parte hartzera.
Piketeetan aritu diren herritarrei beste hainbat lagun bildu zaie. Euriak ez ditu herritarak kikildu eta bat egin dute aldarriarekin. Udaltzaingoaren baimena zuen ekintza izan da eguerdikoa, eta iragarritako ordua heldu denean errepidea moztu dute Zubitxiki parean. Bi pankartaren atzean elkarretaratu dira herritarrak. Batek Zaintza lan prekarizatuari ez! Zaintza sistema publiko komunitarioa orain! lema zeraman, eta besteak Az. 30 greba feminista orokorrak. Grebaren aldeko oihuak ere entzun dira elkarretaratzean zehar.
Errepidea moztuta egon den denboran udaltzainek erregulatu dute trafikoa.
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, eskualde mailako manifestazioa egingo da Beheko plazatik abiatuta.