Larraina euskara taldeak Sarean ere euskaraz bideo lehiaketa antolatu zuen 14-18 urte bitarteko gazteei zuzendua, eta gaur banatu dituzte sariak Alondegian. Ekitaldian azaldu dute epaimahaiak hainbat irizpide kontutan hartu dituela aurkeztutako bideoak baloratzerakoan, hizkuntzaren erabilera, mezuaren transmisioa eta alderdi teknikoa, hain zuzen ere.
Lehen saria Urko Arakistainentzat izan da, eta bere bideoan mezuak hartzen duen garrantzia azpimarratu du epaimahaiak, "bideo lehiaketarekin helarazi nahi zuen mezua bikain" azaltzen duela uste dutelako epaimahaiko kideek.
Bigarren sarituak Maddi Valero eta Alain Waliño izan dira, eta epaimahaiak uste du "teknikoki irudi eta produkzio lan polita" egin dutela gazteek beren lanean.
Hirugarren saria Ander Morianarentzat izan da, eta ekitaldian egoterik izan ez badu ere, epaimahaiak nabarmendu du "euskarak sare sozialetan duen presentziaren inguruan hausnarketa" egiten duela bere bideoan.