2024ko Inauterietako kartela erabakitzeko lehiaketa abian da

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 4a, 11:00

Iazko kartel lehiaketara aurkeztutako lanekin osatutako erakusketa. (Juan Luis Romatet)

Martxan da dagoeneko datorren urteko Inauterietako kartela erabakitzeko lehiaketa. Parte hartzaileek urtarrilaren 16ra arte izango dute lanak aurkezteko epea.

2024ko Inauteriak iragartzeko kartela lehiaketa bidez aukeratuko da aurten ere. Lehiaketa dagoeneko abian jarri du Zumaiako Udaleko Kultura Sailak. Lehiaketa hau zumaiarrei dago zuzenduta, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu.

Gaia eta kartelak eraman beharko duen testua 'Zumaiako Inauteriak 2024' da, eta erabili ahal izango duten teknika librea da. Tamaina, berriz, DinA3 izango da (297x420mm). Lanak paperean zein digitalean aurkeztu beharko dituzte. Egilearen izena eta datuak kartazal itxi batean eramango dira. Lanak Alondegia kultur etxera eramango dira urtarrilaren 16a baino lehen. Kartelak ikusgai izango dira Alondegia kultur etxean urtarrilaren 26tik otsailaren 12ra arte.

Epaimahaia festa batzordeak osatuko du. Guztira, bi sari emango dira: kartel irabazleak 300 euroko saria jasok0 du; erakusketan jasoko diren botoen bidez erabakiko den herritarren sariaren irabazleak, berriz, herriko jatetxe batean izango den bi lagunentzako afaria jasoko du. Egile berberak ezin izango du irabazi hiru urtez jarraian; eta ezingo da izan egile berbera kartel irabazleduna eta herritarren saria irabazi duena.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide