Behar beharrezko puntuak lortu dituzte Johanek eta Imanol Lopezek

Juan Luis Romatet 2023ko abenduaren 5a

Imanol Lopez astelehenean jokatutako partidan. (Eraman!)

Lehen garaipena lortu berri dute Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek Jai Alai Winter Series zesta punta txapelketan. 

Jai Alai Winter Series zesta punta txapelketako seigarren jardunaldia jokatu zen atzo leporaino bete zen Gernikako frontoian. B multzoko partida izan zen jokoan: Laduche eta Gorka Johan eta Imanol Lopez zumaiarraren aurka aritu ziren. Bi bikoteek ere garaipena lortu behar zuten txapelketan aurrera jarraitu nahi bazuten.

Berde kolorez aritu ziren Laduche eta Gorka aurreratu ziren markagailuan (0-3), baina horiz kantxaratu ziren Johan eta Lopez kantxan agintzen jarri ziren (4-3, 11-5, 12-7). Lehen seta 15-8 emaitzarekin irabazi zuten Johanek eta Lopezek.

Lehen seta bukatu zen bezala hasi zen bigarrena, eta horiek nagusitasuna erakutsi zuten lehen tantoetan (4-1, 5-4, 10-5). Laduche eta Gorka konfiantza hartzen joan ziren, baita aldea murrizten ere (11-7, 13-13). Berdeak aurretik ere jarri ziren setaren hondarretan (13-14), baina azken bi tantoak horien alde erori ziren eta 15-14 emaitzarekin irabazi zuten bigarren seta, eta bi eta huts emaitzarekin partida.

Hala, lau puntu eskuratu dituzte Johanek eta Lopezek. Multzoko sailkapena hala dago hiru partida jokatu eta gero:

1. Erkiaga-Ibarluzea: 7 pt (+29)
2. Johan-Lopez: 5 pt (-2)
3. Laduche-Gorka: 0 pt (-8)
4. Arbe-Manci: 0 pt (-19)

Datorren astelehenean jokatuko da txapelketako zazpigarren jardunaldia. A multzoko partida izango da, eta Goikoetxea-Lekerika eta Goitia-Basque bikoteak neurtuko dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide