Beñat Manzisidor: "Benetako rally batean irtetea gustatuko litzaidake. Txikitako ametsa dut hori"

Kris Fernandez 2023ko abenduaren 7a

Bideo jokoak eta autoak ditu gustuko Beñat Manzisidorrek (Zumaia, 1996), eta bi zaletasunak uztartzen ditu 2009. urtetik. Auto lasterketen bideo jokoetan ibiltzen da Tent FS Factory SimRacers taldearekin. Hala ere, benetako autoak eta rallya probatzea gustatuko litzaiokeela onartzen du. (Elkarrizketa hau UKTren Motorra 2023 gehigarrian atera zen).

Nondik datorkizu bideo jokoetarako zaletasuna?

Txikitatik gustatu izan zaizkit bideo jokoak, baina zer diren gauzak, etxean ez nuen inoiz kontsola bat izan. Familiak bazkarietan eta afarietan edota lagunen etxeetan egiten genituen elkartzeetan aprobetxatzen nuen kontsolak erabiltzeko. Baina benetako zaletasuna, gaur egun egiten dudana, COVID-19aren ondorioz sortu zitzaidan.

Noiz hasi zinen txapelketetan parte hartzen?

2019. urtean izan zen, gutxi gorabehera. Kuadrillakoek izena eman genuen txapelketa batean, eta nahiko aurrean ibili nintzen, espero baino emaitza hobeagoak lortu nituen, eta horrek animatu ninduen gehiagotan parte hartzera. Gainera, handik gutxira, pandemia tarteko, etxean sartu gintuzten, eta orduan erosi nituen gailuak. Gehiago jolasten hasi nintzen, eta txapelketetan parte hartzen.

Zein gailu erabiltzen dituzu?

Play Station batekin hasi nintzen, baina gaur egun ordenagailu bidez aritzen naiz, eta bolantea ere badaukat, eskuko balaztarekin eta pedalekin batera.

Zeintzuk dira batetik bestera dauden aldeak?

Ordenagailuak eskaintzen dituen irudi grafikoak oso onak dira, azken urteetan hobekuntza ugari izan baitira arlo horretan. Jokoei dagokienez ere aukera gehiago ditu ordenagailuak; izan ere, norbanakoek sortutako joko batzuk ordenagailuan bakarrik daude. Horrek guztiak ordenagailuz jolastearen aldeko hautua egitera bultzatu ninduen.

Bolantea, eskuko balazta eta pedalak ere badituzula esan duzu. Jolasterakoan aldea handia nabari al duzu osagarri horiek dituzulako?

Bai, antzeman egiten da. Osagarrietan aukera handia dago horietan, eta gauza ia gehienetan gertatzen den bezala, kalitatearen edo mailaren arabera, asko aldatzen da gauza, nahiz eta bolante txar batekin ona izan zaitezkeen. Nire kasuan, erdi mailakoak dira gailuak, baina benetako auto batean joatearen sentsazioa izaten dut jolasterakoan. Osagarri horiek errealismo handiagoa ematen dute.

Auto lasterketen jokoetan bakarrik ibiltzen zara edo bestelako jokoak ere gustatzen zaizkizu?

Oro har, beti auto lasterketen jokoetan ibili izan naiz. Noizean behin, lagunekin aritu izan naiz futboleko jokoetan eta, baina hortik kanpora ez, ia beti auto lasterketetan aritzen naiz.

Zure bi zaletasunak uztartzen dituzu, beraz, bideo jokoetan: bideo jokoak eta autoak.

Hala da, autozalea naiz. Rallyak ere gustuko ditut; izan ere, osaba batek zortzi urte nituela eraman ninduen lehenbiziko rallya ikustera, eta han sortu zitzaidan zaletasuna. Beraz, txikitatik ditudan bi zaletasunak dira bideo jokoak eta auto lasterketak, eta biak garatzeko aukera dut, biak batera, gainera.

Auto lasterketen bideo jokoak dituzu zaletasun, eta ongi moldatzen zara; lehen postuetan gelditu izan zara lehiaketa batzuetan.

Txapelketa ofizialik ez dut irabazi, baina, adibidez, pilotu baten semeak txapelketa bat antolatu zuen, sari gisa pilotuaren kamiseta sinatuta jarri zuen, eta txapelketa hura irabazi egin nuen. Etxean daukat kamiseta. Pep Bassas zen pilotua, duela urte gutxi hil zen, eta sinatutako kamiseta lortzeak indarra eman zidan. Horrez gain, 2020. urtean, txapelketa batean oso aurrera iritsi nintzen, eta aurrez aurreko lehiaketa jokatu nuen hurrengo mailara salto egiteko; Youtubeko kanalean ere bota zuten. Zazpi ginen final hartan, eta hirugarren postua lortu nuen, baina lehen bi bakarrik igotzen zirenez mailaz, bidean gelditu nintzen; segundo eta erdira, hain zuzen. Urte horretan, Play Station gailuan, lehen 25 sailkatuetan gelditu nintzen.

Asko entrenatzen edo aritzen zara bideo jokoetan?

Bai, azken finean, zenbat eta gehiago entrenatu edo aritu, emaitza hobeak lortuko dituzu. Auto lasterketen jokoetan, adibidez, bihurguneak buruz ikasita joan behar izaten dugu. Bi aste ematen dizkigute dena probatzeko, eta bi aste horietan orduak sartu behar izaten ditugu dena ondo probatzeko eta ikasteko. Niri, adibidez, gehiago gustatzen zait probaren egunean bertan esaten dutenean zer egin behar duzun; auto honekin eta ibilbide hau. Baina txapelketa horietan bi aste ematen dituzte, eta orduan, epe hori duzu dena antolatzeko eta ikasteko. Nire kasuan, gainera, lana ere egiten dut, eta biak uztartu behar izaten ditu; hori izaten da arazo handiena.

Zenbat ordu pasatzen dituzu bideo jokoetan?

Txapelketa prestatu behar dudanean, egunero hiru ordu eskaintzen dizkiot. Txapelketarik ez badut, askoz gutxiago jolasten dut.

Lanarekin uztartu behar izaten duzula esan duzu, baina bideo jokoetatik bizitzeko aukerarik izango al zenuke?

Ez naiz profesionala, baina talde baten barruan nago. Lagunartekoa da, Espainia mailako talde bat da: Tent FS Factory SimRacers. Gaur egun ezinezkoa da hortik bizitzea, rally munduan behintzat. Badira 1 formulako jokoetan ibiltzen diren eta hortik bizi diren jokalariak. Ikusgaitasun handia lortu dute horiek, 1 formulako talde ofizialek laguntzak ematen dituztelako. Gure kasuan, rally jokoetan, espero dugu hortik bizi gaitezkeen eguna iristea babesleen laguntzari esker, baina, gaur egun, ametsa besterik ez da. Hala ere, ez nago hori gertatzeko zain, afizioz eta gustura egiten dudan zerbait da. Emaitzak ez direnean onak, eta dagoeneko ez naizela behar adinako azkarra ikusten dudanean, lasaiago hartuko dut, eta kito.

Gamer munduan, sare sozialak eta bestelako kanalak erabiltzeko ohitura handia dago. Zuk ere ba al duzu halakorik?

Etxeratze aginduaren ondoren, hasi nintzen Twitch kanalean zerbait emititzen; errepikapenak, batik bat. Ikusleek edota zaleek eskatzen zizkidaten, bidezidorrak ezagutu nahi zituzten. Arratsalde bat edo beste hartzen nuen zuzeneko saioak egiteko, eta gero horko irudiak igotzen nituen. Youtubera ere igotzen nituen, baina beste inorentzat baino gehiago, neuretzat ziren. Dena dela, horrelako oso gutxi egin izan dut streamer edo gamer ezagunekin alderatuz gero; ezer ez. Gauza horiek lan eta denbora asko eskatzen dute. Sare sozialak, aldiz, baditut.

Une onean eta gustura zaude, baina zeintzuk dira aurrera begira dituzun asmoak?

Horrela jarraitzea, gaur egun bezala. Egunotan joko berria kaleratzear dira, eta horren zain nago, ea zer itxura duen, eta zer moduz moldatzen naizen. Bideo jokoetatik kanpora, berriz, benetako rally batean irtetea gustatuko litzaidake. Txikitako ametsa dut hori. Duela aste batzuk zozketa baten irabazi nuen kopilotu gisa joateko aukera 0 auto batean. Ez da rally batean irtetea bezala, 0 autoek ez dutelako lasterketan parte hartzen, baina gehiegi gustatu zitzaidan. Gainera, bizi garen inguruan, Urola Kostan, autoen eta rallyen zaletasun handia dugu, eta egunen batean aukeraren bat izango dudalakoan nago. Irtengo zait zerbait! 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide