Espainiako txapelketako final laurdenetan kanporatu dute Eliezer Chavarria

Juan Luis Romatet 2023ko abenduaren 9a

Eliezer Chavarria eta Ruben Arredondo Liencresen. (Zumaia Cuban Boxing)

Chavarriaren entrenatzaile eta Zumaia Cuban Boxing klubeko buru Ruben Arredondo haserre agertu da epaileek txapelketan egindako lanarekin.

Kantabriako (Espainia) Liencres herrian ari dira jokatzen Espainiako boxeo txapelketak. Bertan, Zumaia Cuban Boxing klubeko Eliezer Chavarria boxeotzaileak hartu du parte, Euskadiko selekzioarekin, 75 kiloko kategorian.

Final zortzirenetan egin zuen debuta Zumaiako boxeolariak, baita borrokaldia irabazi ere epaileek hirugarren roundean amaitutzat eman ondoren. Final laurdenetan, baina, kanporatua izan da Chavarria gaztea. Bere entrenatzaile Arredondoren esanetan, lehen rounda oso berdindua izan zen, baina bigarrenean, Zumaia Cuban Boxing klubeko boxeolaria hobeto ari zenean, borrokaldia bukatutzat eman zuten epaileek, eta aurkariari eman zioten garaipena.

"Erabaki ulertezina izan zen, Eliezer hobeto ari baitzen. Ikusita beste boxeolarien maila, seguru nago Eliezer finalerdietara pasatu izan balitz, Espainako txapelketa irabaziko zuela. Beste boxeolari eta entrenatzaile askok zoriondu egin zuten egindako borrokaldiagatik", azaldu du Arredondok. "Lan oso ona egin dugu eta harro gaude horrekin. Hori da garrantzitsua", gaineratu du entrenatzaile kubatarrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide