Hiru ipuin kontaketa saio izango dira haur liburutegian urte amaierara bitartean

Juan Luis Romatet 2023ko abenduaren 10a

Haurrei zuzendutako hiru ipuin kontaketa saio egingo dira haur liburutegian abenduaren 14tik aurrera urte bukaerara arte.

Literaturarekin lotutako ekitaldiak antolatu ditu aurten ere Udaleko Kultura Sailak Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira izenpean. Egitarauaren barruan kokatzen dira datorren igandera arte Alondegiko Oxford aretoan ikus daitekeen Bagara! erakusketa, edo asteartean, abenduaren 12an, Alondegiko Moila gelan egingo den irakurle taldearen saioa. Uxue Alberdik gidatuko duen saio honetan Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa liburua izango dute aztergai.

Haurrei zuzendutako saioak ere izango dira ekimen honen barruan. Hala, datorren ostegunean hasi eta urte bukaerara arte hiru ipuin kontaketa saio izango dira. Guztiak ere 17:30ean izango dira Alondegiko haur liburutegian.

Apika taldeko kideek eskainiko dute abenduaren 16ko saioa: Animaliak du izena eta 3 urtetik gorako haurrei zuzenduta izango da. Hurrengo bi kontaketak asteazkenean izango dira: abenduaren 20an Ipuinez ipuin kontaketa ekarriko du Lur Kortak, eta astebete geroago, hilaren 27an, Argi ibili Ixabel Agirresarobek. Azken bi saio hauek 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide