'Magali' argitaratuko dute, Zumaienan elkarlanean pentsatu eta sortutako lehen ipuina

Maria Maya Manterola 2023ko abenduaren 11

Etzi aurkeztuko dute argitalpena, bi ikasleren, ikasle ohi baten, bi irakasleren eta eskolako ama baten arteko sare-lanaren emaitza. 

Zumaienan elkarlanean pentsatu, sortu eta argitaratu duten lehen ipuina aurkeztuko dute etzi: Magali. Arteak haurraren garapenari egin diezaioken ekarpenaz jakitun, sormena, elkarlana, euskararekiko maitasuna nahiz kultura-ekintzailetasuna landu dituzte proiektuaren bitartez, eta etxeko txikienei beren hazkuntza prozesuan aurrera egiteko xedea du, baita liburuekiko maitasuna elikatzekoa ere. 

Bi ikasleren, ikasle-ohi baten, bi irakasleren eta eskolako ama baten arteko sare-lanaren emaitza da Magali, eta irakasleentzat ere inspirazio iturri izateko helburua ere badu. Xehetasun guztiak asteazkeneko aurkezpenean emango dituzte –Alondegiko Oxford aretoan izango da aurkezpena, 18:00etan– eta liburua bertan edo Zumaienako idazkaritzan eskuratu ahal izango da. Gaineratu dute Gabonetarako opari egokia dela ipuina. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide