Francoren altxamendu faxista oroitzeko tartea izango da Zumaian datozen egunetan. Izan ere, altxamendu haren ondorioz hildako zumaiarrak omentzeko ekitaldia egingo du udalak larumbatean, hildakoen senitartekoekin eta herritarrekin batera.
Gernika parkean izango da ekitaldia. Bertan ezarri nahi du memoria gunea udalak, lehen Gernikako arbola zegoen leku berean –duela urtebete arbolaren kimu berri bat ezarri zuten Gernika parkeko beste eremu batean–. Lehen Gernikako arbola zegoen lekuan monolito bat ezarriko du udalak, eta faxistek fusilatutako eta faxismoaren aurkako erresistentzien fronteetan borrokan hildakoen izenak bilduko ditu oroigarriak.
Hildakoen senitartekoekin harremanetan jarri da udala, baina ez dute lortu guztiengana iristea. Horregatik, gaiaren inguruan argipenen bat nahi izanez gero, Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura deitu daitekeela (943-86 50 25) jakinarazi dute.
Errepresioa eta giza eskubideak Zumaian
Duela lau urte argitaratu zuen udalak Gerra Zibilean eta frankismoan izandako errepresioari eta giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa lana. Ordutik, orduko memoria historikoa osatzen jarraitu dute, eta 1936-1945 bitarteko biktima guztiak sailkatu dituzte, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak lehen frankismoko garairako ezarriak dituzten giza eskubideen urraketa mailaren arabera. Horrez gain, 1945-1959 bitartean errepresio frankistaren biktima izan ziren zumaiarrak identifikatzeko lana egin dute.
Horiek guztiak izango ditu hizketagai abenduaren 19an Javier Buces Aranzadi fundazioko historialari eta ikerlariak. Alondegiko Oxford aretoan izango da hitzaldia, 19:00etan. Gerra Zibila nahiz gerraosteko errepresioa, atzeguardian emakumeen aurka eragindako errepresioa eta kanporaketak, erbestea, fusilamenduak eta desagerpenak, gerra kontseiluak eta epaiketak, ihes egindakoak eta desagertutakoak, errepresio ekonomikoa, garbiketak, atxilotuen esparruak eta errepresio lausoa izan dituzte aztergai lan hartan.