Jokorik galdu gabe pasatu dira Goikoetxea eta Lekerika Winter Serieseko finalerdietara

Juan Luis Romatet 2023ko abenduaren 12a

Lekerika eta Goikoetxea atzoko partidako une batean. (Eraman!)

Hiru partidatik hirurak irabazita pasatu dira Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa Gernikan jokatzen ari diren zesta punta txapelketako hurrengo fasera.

Gernikako frontoian jokatzen ari diren Jai Alai Winter Series txapelketako zazpigarren jardunaldia jokatu zuten bart gauean. A multzoko partida izan zen, eta multzoko lider Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa bigarren ziren Goitia eta Basqueren aurka aritu ziren. Partidak emango zuenaren ikusmina zegoen zaletuen artean, eta sarrerak agortu egin ziren.

Oso berdindua izan zen lehen jokoa, eta berdinketa ugari izan ziren markagailuan (2-2, 3-3, 4-4, 5-5, 6-6 eta 7-7). Marroi kolorez aritu ziren Goitia eta Basque aurretik zirela (7-8) joan ziren atsedenaldira, baina aldageletatik bueltan zumaiarrak eta gernikarrak osatutako bikoteak hiru tanto jarraian egin zituen (11-8). 13-11 eta 14-12 aldearekin ere izan ziren urre kolorezkoak, baina gazteek estu jarri zituzten gauzak eta 14na ere berdindu zuten. Azken tantoa, baina, Goikoetxea eta Lekerikarentzako izan zen, eta 15-14 emaitzarekin irabazi zuten seta. 

Bigarren jokoak historia gutxiago izan zuen. Beteranoak azkar jarri ziren aurretik (4-0, 8-1) eta Goitiak eta Basquek ez zuten erraza izan urrezkoen tanto erauntsitik babesteko. Jokoa 15-5 emaitzarekin amaitu zen, eta partida bi joko eta huts emaitzarekin Goikoetxea eta Lekerikaren alde.

Hala, Winter Series txapelketako finalerdietara sailkatu den lehen bikotea da aurrelari zumaiarrak eta atzelari gernikarrak osatutakoa, jokatutako sei jokoak irabazita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide