Bachen Magnificat eta Scheinen, Lassusen edota Kuhnauren obrak entzuteko aukera izango da abenduaren 23an, larunbata, Donostiako Kursaalen Netherlands Bach Society taldeari esker. Kursaal Eszenaren egitarauaren barruan sartzen den emanaldia 19:30ean hasiko da.
Gabon giroko saio bizi honetan, Alex Potter abeslari eta zuzendariak Bachen lehen aurrekoetatik Magnificat maisulanera gidatuko du entzulea. Ilunpetik argirako ibilbide musikal honetan, Gabonen aurrerapena eta alaitasuna entzungo dituzte kontzertura bertaratuko direnek.
Aurreko emanaldi batzuekin gertatu bezala, Kursaalek autobusa jarriko du lurraldeko musikazaleak Donostiarako joan-etorrirako. Zumaiako kasuan, busa 18:10ean abiatuko da Txomin Agirre kaiko autobus geltokitik. Horretarako, aurrez izena eman beharko da Alondegia kultur etxean (943-86 10 56 / alondegia@zumaia.eus) abenduaren 18a baino lehen.
Sarrerak, berriz, www.kursaal.eus atarian daude salgai.