Sambou Diaby: "Drama handi bat egin nahiko nuke, beltzen etiketa horietatik kanpo dagoena"

Juan Luis Romatet | Maria Maya Manterola 2023ko abenduaren 17a

Une gozoak bizi ditu aktore oikiarrak: film labur bat aurkeztu berri du, Netflixen erakutsiko den telesail batean aktore ere izan da, eta antzerki obra bat ere badu bere agendan. Aktore lanetan zer duen gogoko, nola heldu den dagoen lekura, eta zer esperantza dituen. Horren guztiaren inguruan aritu zen Sambou Diaby azaroko Baleike aldizkarian.

Iruñean jaio zen Sambou Diaby, 1999. urtean, baina zortzi hilabete besterik ez zituela etorri zen Zumaiara bizitzera, Oikiara, hain zuzen ere. "Jarri oikiarra naizela", dio barre artean. 16 urterekin hasi zen aktuazioen munduan, Go!azen saioan, eta ordutik makina bat proiektutan aritu da. Momentu gozoa ari da bizitzen, eta horren erakusgarri da egun gutxiko epean bera partaide izan den bi proiektu aurkeztu dituela: Ekain Albiterekin egindako Laiotz film laburra, eta Netflix plataforman ikusi ahal izango den Itxaso telesaila. Horrez gain, Amets Arzallus Antiaren eta Ibrahima Balderen Miñan liburuaren antzerkirako egokitzapenerako ere hautatu dute, eta film batean aktuatzeko proposamena ere esku artean du. Udazkenarekin batera Madrilera joan da bizitzera, eta handik erantzun ditu Baleikeren galderak.

Madrilera joan zara. Zer asmorekin?

Aldaketa bat behar nuen. Bizitzera etorri naiz Madrilera, eta orain, bertan lan bila nabil. Proiektuak baditut, baina ia denak Euskal Herrian dira. Hemen baditut pare bat proposamen, baina oraindik konfirmatzeke daude. Baina, esanda bezala, aldatzeko beharrak ekarri nau hona. Madril asko gustatzen zait, eta hemengo giroan sartzeko gogoarekin nago. Hemen ditudan lagunak elkar laguntzen ari gara.

Irailean Donostiako Zinemaldiko alfonbra gorria zapaltzeko aukera izan zenuen, ez ikusle bezala, aktore bezala baizik. Espero al zenuen inoiz esperientzia hori biziko zenuenik?

Egia esan, ez nuen batere espero. Esan zidatenean Zinemaldira joango ginela [Itxaso telesaila aurkeztera], niretzako egundokoa izan zen; zoramena izan zen. Jendetza hori... niretzat amets bat bezala izan zen, egia bihurtu den ametsa, hasiera batean oso urruti sentitzen nuena. Asko disfrutatu nuen esperientziarekin. Ea halako aukera gehiago dudan.

Nola bizi izan zenuen Zinemaldiko jende oldea eta fokupean egote hori?

Hasieran urduri nengoen jendearengatik, baina gustatzen zait jende artean egotea. Eroso egon nintzen, baina urduri ere bai, batez ere, proiekzioa ikusteko. 

Urtebete pasa dugu ezer ikusi gabe, eta gauza batzuk ez nituen gogoratu ere egiten. 

Itxaso telesaila Zinemaldian estreinatu zen. Pantaila handian ikusi zenituen irudiak lehenbizikoz?

Inork ez zeukan ezer ikusita. Oso urduri nengoen, baina ikusi genuenean, neuri asko gustatu zitzaidan. Jendeari ere bai; harrera polita izan zuen. 

Zer da Itxaso, eta nola heldu zitzaizun paper hori?

Itxaso Mexikon bizi da bere amarekin. Minbizia daukala esaten diote bere amari. Itxasok ordura arte uste du aitarik ez daukala, baina amak azken egunetan kontatzen dio nor zen bere aita, eta harena joan beharko duela bizitzera. 
Deitu egin zidaten telesailean parte hartzeko eskaintzarekin, eta baiezkoa eman nien. Gertatu zaidan gauzarik zirraragarriena da, casting-ik egin gabe deitu zidatelako eta nigan konfiantza handia jarri zutelako. Aukera oso polita izan da. 

Netflix streaming plataforman ere izango da ikusgai. 

Bai, azaroan aterako da. ETBko produktu bat da, K2000 eta ETBk ekoitzia, baina Netflix plataformak erakutsiko du. 

Ez zara geratzen. Zumaiako Karter musika taldearen azken kantaren (Kristalezko ametsak) bideoklipean ere bazaude. Zinemaldia, bideoklipa, Laiotz film laburra… 

Bai. Orain esku artean daukadan proiektu mardulena Miñan antzezlanarena da. Artedrama antzerki konpainiak sortuko du. Sorkuntza lanetan ari gara orain, eta datorren urteko urrian edo estreinatzea daukagu aurreikusita. 

Laiotz duela gutxi aurkeztu zenuen Zumaian Ekain Albite herrikidearekin batera. Inprobisaziotik sortutako pieza da. Ondo moldatzen zara horrela, edo nahiago testu itxiago bat?

Antzezteko era desberdinak dira. Inprobisatzen ari zarenean ez dakizu parekoak nondik joko duen. Testu batek pauta batzuk ematen dizkizu. Erosoago sentitzen naiz inprobisatzen. 

Antzerkia, zinema, telesaila, bideoklipa… Zer duzu gogokoen?

Zinema gustatzen zait gehien; eroso sentitzen naiz kamera aurrean. 

Momentu gozo bat bizitzen ari zara, ezta?

Printzipioz bai. Gauzak ateratzen ari zaizkit. Lasaitasunarekin hartu nahi dut momentu hau, gerta daitekeelako datorren urtean proiekturik ez edukitzea, adibidez. Baina momentuz oso gustura nago. 

Arrisku hori dauka sortzaileen munduak…

Bai, hala da. Uste dut otsailean pelikula batean parte hartu ahal izango dudala, baina aurrerago hitz egingo dugu horretaz…

Aktore lanetan hasi zinenean, pentsatzen al zenuen hain gazte izanik honaino iritsiko zinela?

Inondik inora. Ni hasi nintzen 16-17 urterekin Goazen! telesailean dantzan. Gustatzen zitzaidan kameraren aurrean egotea, eta arriskatu egin nintzen. Donostiako Antzerki Eskolara joan nintzen, gero Madrilera… Eta azken ikasketak Bartzelonan egin ditut, beka bati esker. Hemen jaiotako afrikarrei zuzendutako hamar eguneko ikastaro bat izan zen. 

Pixkanaka gauza txikiak egiten hasi nintzen, baina ez nuen imajinatzen alfonbra gorri batean egongo nintzenik. 

Apustu handi bat egin duzu aktore lanetan aritzeko. Ingurukoen babesa jaso duzu?

Egin dudan guztia nire kabuz egin dut. Familiakoak ez zeuden batere ados. Gauzak egiten joan ahala sinesten hasi dira posible dela, baina hasieran ez zidaten babesik eman. 

Batxilergoa amaitu nuenean aitak ez zidan utzi antzerkia ikasten. Borroka bat izan da gurasoei erakustea zer egin nahi dudan. 

Goazen! izan zen lehen erakusleihoa?

Bai. Gero film labur batzuk egin nituen, Cabaret izeneko musikal batean ere aritu nintzen, Kartzela websaila etorri zen gero, eta ondoren Altsasu. Orduan hasi nintzen gauza handixeagoekin. 

Ibilbide bat badaukazu, gaztea izan arren. Ez da erraza izango mundu horretan toki bat egin eta presentzia izatea. 

Proiektuen gehiengoa nik neuk lortu dut, baina Altsasu egin nuenean, esaterako, Herrialde Katalanetako TV3 kanalean ere bota zuten, eta horri esker kontaktatu ninduen gaur egun nire managerra denak. Beste mundu bat zabaldu zitzaidan. 

Beste lan batzuk behar izaten dira aktore izateari eusteko?

Noski. Hau ez da konstantea, eta lantxo bat behar izaten da hilabete bukaerara heltzeko. 

Pertsona arrazializatua zara. Aukerak eman dizkizu, edo kendu?

Nik uste dut aukerak txikiagoak direla. Proiektu askotan nik ezin dut parte hartu, ez dutelako beltza den gazte bat bilatzen norbaiten semearena egiteko, esaterako. Beltzen paperak oso etiketatuta daude: bizitza txarra, problematikoa, paperik gabekoa… 

Muga film laburra egin nuenean, adibidez, tailer bateko langile esplotatuaren azalean sartu nintzen. Aldatzen ari da, baina oso motel doa. 

Asko falta da?

Bai. Azken proiektuetan azal beltzekoak hartzen ari dira, baina nik uste dut ematen duten itxurarengatik dela, eta ez benetan aldaketa hori egin nahi dutelako. 

Amets bat zen alfonbra gorrira heltzea, eta gauzatu da. Nora heltzea gustatuko litzaizuke?

Nire ametsa da filmak egitea. Nik etorkizun batean nahiko nuke istorio politak, interesgarriak eta gogorrak kontatzea, eta uste dut mundu horretan murgilduta nagoela. Oraingo bide beretik jarraitu nahiko nuke, eta hortik bizitzea posible badut, konforme. 

Norekin egin nahiko zenuke lan?

William Shephard aktorearekin lan egin nahiko nuke. Espainian gauza interesgarriak egiten ari da.

Eta paper berezirik?

Drama handi bat egitea ondo legoke; zerbait oso intentsua, beltzen etiketa horietatik kanpo dagoena. Niri drama asko gustatzen zait. 

Beltza izatea normalizatzea eta hortik abiatzea da gustatuko litzaidakeena. Detektibe baten azalean sartuko den gazte bat behar dutela? Ni neu izan naiteke. 

Nola ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?

Nik asko sinesten dut neure buruarengan. Nire helburuak etorkizun batean lortuko ditudala uste dut. Honetatik bizitzea, adibidez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide