Berrituko txapelketatik kanpo geratu da Cosme Agirre

Juan Luis Romatet 2023ko abenduaren 18a

Cosme Agirre eta Del Rio Berrituko txapelketako final laurdenean.

Del Rioren aurkako partida galdu zuen larunbatean aurrelari zumaiarrak eta ezin izan du txapelketako finalerdietara sailkatu.

Berrituko buruz buruko zesta punta txapelketako final laurdeneko partida jokatu zuen larunbatean Cosme Agirre pilotari zumaiarrak. Del Rio izan zuen aurkari Mendibarren pilotalekuan jokatutako norgehiagokan.

Partida ezin berdinduagoa izan zen, eta markagailua da horren erakusle. Hiru set behar izan zituzten irabazlearen izena erabakitzeko, eta hiruretan ere azken-azkeneko tantora arte itxaron behar izan zuten jakiteko zer pilotari pasako zen finalerdietara. 

Lehen jokoa Agirrerentzako izan zen. 11-7 galtzen egon zen, baina azken bost tantoak berarentzako izan ziren eta 11-12 emaitzarekin irabazi zuen jokoa. Bigarrenean espiluaren beste aldea ikustea tokatu zitzaion zumaiarrari: 7-11 irabazten egotetik 12-11 galtzera pasatu zen; jokoa Del Riorentzako izan zen. Partida erabakitzeko joko laburrean Del Riok 5-4 irabazi zuen, eta, ondorioz, bera pasatu da Berrituko txapelketako finalerdietara.

Lopez gaur Gernikan

Jai Alai Winter Series txapelketako zortzigarren jardunaldia jokatuko da gaur Gernikan, B multzoko laugarrena. 19:30ean hasita (22:30ean ETB-1en), Johan eta Imanol Lopez, Arbe eta Manciren aurka arituko dira. Txapelketako finalerdietan egoteko hautagaiak dira Johan eta Lopez eta gaur emaitza ona lortuta hurrengo fasera pasatzea ziurtatuko lukete.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide