Winter Serieseko finalerdietara pasatu dira Johan eta Lopez ere

Juan Luis Romatet 2023ko abenduaren 19a

Imanol Lopez atzo jokatutako partidako une batean. (Guk Jai Alai)

Bi zumaiar ari dira Gernikako Jai Alai Winter Series zesta punta txapelketa jokatzen, eta biak ere finalerdietara pasatu dira.

Jai Alai Winter Series txapelketako zortzigarren jardunaldia jokatu zen atzo arratsaldez. Ohikoa gertatzen ari den bezala, Gernikako frontoiko harmailak zaletuz gainezka izan ziren ikuskizun eder batez gozatzeko gogoz.

B multzoko partida izan zen atzokoa, eta Johan-Lopez eta Arbe-Manci bikoteak neurtu ziren. Finalerdietara pasatzeko postuak zeuden jokoan, eta Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek, 5 punturekin partida jokatu aurretik, burua sartuta zuten dagoeneko; Arbek eta Mancik, berriz, 0 punturekin, partida irabazi behar zuten txapelketan aurrera jarraitzeko aukerak izan nahi bazituzten.

Ez zen sorpresarik izan, eta Johanek eta Lopezek bi joko eta huts emaitzarekin irabazi zuten partida. Hala, beste lau puntu gehituta, eta hiru partida jokatu ondoren 9 punturekin, B multzoko lehen postuan jarri dira, eta txapelketako finalerdietara sailkatu dira.

B Multzoa
 
1. Johan-Lopez: 9 pt (+7)
2. Erkiaga-Ibarluzea: 7 pt (+29)
3. Laduche-Gorka: 0 pt (-8)
4. Arbe-Manci: 0 pt (-28)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide