Dantza eta musikarekin alaitu diete arratsaldea Otezuriko egoiliarrei

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 19a, 09:30

Gabon garaiarekin lotutako ekintzak antolatu ditu Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak egun hauetarako. Atso arratsaldez Otezuri zentroan izan ziren euskal dantzetako eta trikitixako ikasleak.

Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako eta trikitixako ikasleek bisita egin zieten atzo arratsaldez Otezuri zentroko egoiliarrei. Saio hau eskolak Gabon garaiaren bueltan antolatutako ekintzen barruan kokatzen da.

Otezuri zentroko kafetegian egin zen ekitaldia. Lehenbizi, euskal dantzetan aritzen diren haurren txanda izan zen. Alain Mayaren aginduetara, haurrek dantza mota desberdinak erakutsi zizkieten egoiliarrei. Ondoren, trikitixako ikasleen txanda izan zen, Xabi Solano irakaslea buru zutela. Izan zen aulkitik jaiki eta dantzan hasi zen egoiliarren bat edo beste ere.

Musika eta Dantza Eskolak antolatutako ekintzek datozen egunetan jarraituko dute. Gaur, 17:00etan, eta Oxforden, Brankako erabiltzaileentzako saioa izango da. Ostegunean, 17:30ean hasita, ikasleen entzunaldia izango da Aita Mari zineman. Horiei gehitu behar zaie antzerkiko ikasleek Astinduk eta Musika Bandak abian jarri duten The Blues Brothers ikuskizunean parte hartuko dutela datorren larunbatean, hilaren 23an.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide