1. Ludovico Einaudi: Einaudi: Nuvole Bianche
Intocable pelikularen bidez ezagutu nuen abesti hau. Gehien gustatzen zaidan filmetako bat da, eta oso gustuko dut ez abesti hau bakarrik, Ludovico Einaudire lan osoak ere bai.
2. Band Of Horses: No One's Gonna Love You
Band of Horsesen abesti batek egon behar du. Nire nerabezaroan ezagutu nuen talde amerikarra, garai hartan asko entzun nuena, eta oraindik ere entzuten dudana. Nire pena da ez ditudala inoiz zuzenean ikusi, eta bai ikusi nahiko nituzkeela. Sentimenduak transmititzeko makina bat dira.
3. Grises: Cactus
Grises zestoarrak deskubrimendu ona izan zen, beraien zuzenekoetan oso ondo pasatu izan dut eta. Hauek ere asko transmititzen didate, baina beste taldeekin alderatuta beste era batera: giro ona, eszenaratzea... Beraien kontzertu askotan izan naiz, eta hemen inguruan jo duten bakoitzean joaten saiatu naiz. Laga egiten dute, eta abenduaren 30ean emango dute agurreko kontzertua Azpeitian, Sanagustinen, eta han izango gara, kristoren gogoarekin, gainera.
4. Blink-182: Every Time I Look For You
Nerabezaroan eta gerora ere asko entzundako taldea. Ez da dena musika lasaia izango; kañeroa ere entzuten dut. Hau Kaliforniako talde mitikoa da, hango rock eszenakoa. Mota horretako talde gehiago ere entzun ditut: Sum 41, Green Day, Papa Roach, Offspring... baina estilo horretan gehien gustatzen zaidan taldea izango da. Agian orain ez dut lehen bezainbeste entzuten, baina beti egiten dut tarte bat halako musikak entzuteko eta gorputza astintzeko. Abesti hau asko gustatzen zait, eta lagunekin Estatu Batuetara egindako bidaia baten oroitzapenak ekartzen dizkit.
5. The Cardigans: Live and learn
Talde suediarra. Pop musika ere beti gustatu izan zait. Hauek bezala, The Cranberries eta, zergatik ez esan, asko entzun ditut eta, La Oreja de Van Gogh. Abesti asko geratu zaizkit sartu gabe, baina bost hauek entzuten dudan musika ondo islatzen dutela uste dut.