Azaroaren 4an zumaiar ugari joan ginen Bilbora euskaldunon aurkako oldarraldi judiziala salatzera eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzera. Ikusi ahal izan genuen asko garela, eta pozik gaude zumaiarrek ere emandako erantzunarekin. Elkarrekin eta elkarren ondoan, ikusi ahal izan genuen bagarela komunitate oso zabal eta handi bat, askotarikoa, euskaldun izan eta euskaraz bizi nahi duena, eta gogo horrek jendea mugiarazi egiten duela. Gure esker ona adieraz nahi diegu manifestazioan parte hartu zuten zumaiar guztiei.
Zoritxarrez, ordea, Bilboko mobilizazioa ez da azkena izango eta hurrena ere mugitu beharko dugu euskaraz bizitzeko gure nahia adierazteko, eskatzeko, salatzeko, aldarrikatzeko… Izan ere, inork ez digu ezer erregalatuko, eta inoren zain egon gabe, geuk egin beharko dugu, geuk lortu beharko ditugu lortzekoak. Historiak garbi erakutsi digu hori, eta dagoeneko ondo ikasi dugu.
Larraina Euskara Elkartea Zumaian euskaraz bizitzen laguntzeko eta aukera berriak lortzeko sortu zen, eta dei egiten diegu zumaiar euskaltzaleei, bakoitzak ahal edo nahi duen neurrian, horretan ekitera egunerokoan, Zumaian euskaraz eta euskararekin aurrera egiten jarraitzeko. Zumaia herri euskalduna da eta hala izan dadin lan egin beharra ikusi dugu. Geure txikian, gutariko bakoitzak asko egin eta eragin dezake: euskaldun izan eta euskaldun jokatu, euskaraz egin eta eragin, euskaraz irakurri eta ikusi, euskaraz eskatu eta eskaini… Geure txikian, asko gara, eta batzuetan bakarka eta beste batzuetan taldean, denon ahalegina elkartuta eta taldea trinkotuta asko egiteko gauza gara: familian, lagunartean, dendetan, tabernetan, parkean, etxepeko edo elkarteko bileretan, lanean, eskolan, kirola egitean, aisialdian…
Euskaraz bizitzea ez da erraza eta badakigu etorkizunean ere nekeza izango dela, baina prest gaude ahalegina egiteko, uste dugu merezi duela, garbi daukagulako euskaldunak garela eta euskaraz bizi nahi dugula. Beraz, ez gaitezen egon inoren edo ezeren zain, zer etorriko edo zer emango, eta geuk egin dezagun egitekoa. Posible da aurrerapausoak ematea zain geratu gabe.
2024aren atarian gaude, eta datorren urtean ere zumaiarrok izango dugu aukerarik euskaldun jokatzeko. Batzuetan mobilizatu egin beharko dugu eta exijitu, joan beharreko tokira joanda; beste batzuetan, berriz, zumaiar euskaldunen komunitateko kide sentitu nahiko dugu, eta taldearen babesa sumatu, euskaraz bizitzearen pozak beteko gaitu. Izan ere, Zumaiatik bertatik hasita herri baten parte garela bizi dugu, euskara hizkuntza bat baino gehiago, geure muina dela eta gizarte oso baten parte garen ideia elkarri esateko nahia sortu baitzaigu, bertan eta inguruko herrietan, Zumaian bezala, Araian, Bilbon, Altzürükün edota Bermeon desio bera dugulako. Larrainako kideok dagoeneko hasiak gara datorren urterako ekintzak pentsatzen eta prestatzen: otsaileko hitzaldi zikloa, kultur ekitaldiak urtean zehar, euskaldunon hizkuntza eskubideen zaintza, sentsibilizatzeko kanpainak, Korrika egin beharko dugu euskararen alde… Horiek eta gehiago bidean dira, eta sortuko dira aukera berriak. Badago non edo zertan lan egina, eta datorren urtean ere elkarrekin jardutera gonbidatu eta animatu nahi zaituztegu, Zumaian ere euskaraz bizitzeko.