Zumaiarren doinuak

Julen Garciaren doinuak

Erredakzioa 2024ko urt. 3a, 09:30

Bere ibilbidea musikari lotuta du Julen Garciak. Iseka taldeko kidea izan zen, eta azken urteetan bakarkako ibilbideari ekin dio. 2019. urtean kaleratu zuen Lo mio pa'ti bakarkako lehen diskoa, eta ordutik ez da geldirik egon. Pasa den atera zuen Zuregatik abestiaren bertsio berria. Gogoko dituen bost abesti edota obra aukeratu ditu atal honetarako.

1. Ray Barretto: Indestructible

Latin jazzeko perkusionista bat da Ray Barretto, eta nire bizitzako momentu batzuetan oso garrantzitsua izan da. Berdin dio nola esnatu zaren, nola jaiki zaren ohetik: hori jarri eta eguna piztu egiten ditu, argitasuna ekartzen dizu. Poztu egiten dit, eta musikaren funtzio bat ere bada hori, oso garrantzitsua gainera, eta hori islatzeko aukeratu dut kanta hau.

2. Ludwig Van Beethoven: Eroica (III. sinfonia)

Bi obra aukeratu ditut historian hitoak izan direlako, eta paradigma aldaketa suposatzen dutelako. Eroica, nire ustez, Beethovenen sinfoniarik onenetakoa da. Paradigma aldaketa ekarri zuen musika ulertzeko dugun eran, eta Beethovenek munduarekiko zuen ikuspuntua ere erakusten digu. Musikarekin bakarrik ez, Beethovenek zuen ikuspuntuarekin identifikatuta sentitzen naiz, sozialki eta musikalki. Obra honen ondoren lortu zuen errekonozimendua. Hainbat mundutara transmititzen gaitu eta aprobetxatzen dut Eroicaren filma gomendatzeko.

3. Miles Davis: Blue in green

Miles Davisen Kind of blue diskoko abestia. Disko hori oso garrantzitsua da. Jazz munduan izan den diskorik garrantzitsuenetakoa. Aurretik zegoen jazzean soloak-eta ugari ziren. Ni nota gutxien defendatzailea naiz. Nota eta elementu gutxiagorekin gauza handiak egin daitezkeela erakusten du Davisek. Hori demostratu zuen eta aldaketa ere suposatu zuen. Bill Evansek jotzen du disko horretan, eta gehien maite dudan pianista da. Eta Miles Davisgatik zer esan? Bada, berdina.

4. Ken Zazpi: Itsasoa gara

Hemen letran zentratzen naiz, oso letra ona du. Emozioak aipatu ditut lehen ere. Bada, kanta honek emozioak azaleratzen dizkit. Asko entzun dudan kanta da. Negar egin izan dut kanta honekin, eta hori ez da erraza. Kanta batekin zirrara hori lortzea oso garrantzitsua da, musikalki, baina baita letren bidez ere. 

5. Sum 41: Landmines

Kanta hau aukeratu dut ez ahaztutzeko zein naizen eta zer gustatzen zaidan; nondik gatozen eta zein izan ziren nire bizipenak gaztea izan nintzenean. Hori ez da inoiz hiltzen. Musika asko entzuten dut, musika desberdin asko egiten dut, baina rocka hor dago. Abesti hau orain gutxi atera da, zuzeneko oso onak ematen ari da taldea, eta beste aurrerapauso bat eman du. Beti gustatu izan zaidan taldea da, eta orain bertan beraien jarraitzaile sutsua naiz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide