Egia, justizia eta erreparazioa, historia osatzeko bide egokia

Mireia Galarza Bastida 2023ko abenduaren 21a

Aranzadiko kide Javier Buces txostenaren aurkezpenean. (Mireia Galarza Bastida)

Lehen frankismoari buruz 2019an argitaratutako liburuari jarraipena ematera dator bigarren txostena. Biktimak identifikatu eta sailkatu ditu Aranzadik.

Francoren altxamendu faxistaren ondorioz hildako zumaiarrak omentzeko ekitaldia egin zuten larunbatean herrian bertan, eta lan ildo beretik, asteartean aurkeztu zuten Oroimena eta Giza Eskubideak Zumaian (1936-1959) txostena herrian. 2019an argitaratu zuen Zumaiako Udalak 1936ko gerran eta lehen frankismoan (1936-1945) izandako errepresioari eta giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa lana, eta lan horri jarraipena ematera dator asteartean Aranzadiko Javier Buces historialariak aurkeztutako txostena.

2023. urtean zehar, 1936tik 1959ra bitarteko tarte hura sakonago ikertzen eta orduko memoria historikoa osatzen jarraitu du udalak, fundazio beraren eskutik. Hori egiteko, 2019an argitaratutako ikerketatik eta argitalpenetik abiatuta, identifikatuta dauden 1936-1945 urte bitarteko biktima guztiak sailkatu dituzte, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen frankismo garairako ezarriak dituzten giza eskubideen urraketa mailaren arabera. Bestalde, 1945-1959 bitartean errepresio frankistaren biktima izan ziren zumaiarrak identifikatzeko lana egin dute. Bucesek ikerketa Irati Zuriarrainekin batera egin duen arren, Bucesek berak eman zituen ikerketari buruzko xehetasunak asteartean.

Horren aurretik, ordea, Marina Bidasoro Memoria Historikoko zinegotziak hartu zuen hitza. Lehenik Aranzadi zientzia elkartea eta Erkibe memoria elkartea eskertu nahi izan zituen zinegotziak, baita eurek egindako lan guztia aitortu ere. Bidasororen hitzetan, Zumaiako Udalak "gaiarekin duen eta dagokion konpromisoa berresten du txostenak", eta bide horretatik lanean jarraituko dutela ere gehitu zuen. Horrez gain, txostena liburutegian eta udalaren webgunean ikusgai egongo dela azaldu zuen zinegotziak, "edozeinek ikusi ahal izan dezan".

Fokua ixten

Errealitate zabalagoa alde batera utzita, Zumaiako datuak aipatu zituen Bucesek. Hain zuzen, 2019ko liburutik 60 bat zuzenketa egin dituzte, eta beste 50 pertsona batu dituzte errepresioa jasan zutenen zerrenda horretara. Horien guztien identifikazioa eta sailkapenak ere egin dituzte, jasan zuten errepresio mota kontuan hartuta. Guztira, beraz, 700 pertsona inguru identifikatu eta sailkatu dituzte.

Hori egiteko "beharrezkoak" dira frogak Bucesen hitzetan, eta horietan ere egin dute lana Aranzadikoek. Zehatzago esanda, 2.000 froga inguru aurkitu dituzte. Horietako batzuk ofizialak dira, hala nola haurren ebakuazio fitxak, epaiak, espetxe fitxak... Beste batzuk, berriz, lehen mailako iturri eskaera prozesuetan daude. Bucesek azaldu duenez, erakunde askotan dokumentuak bilatzea prozesu "oso konplexua" da, eta denbora asko pasa daiteke horiek lortu arte. "Teknologiak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuta", Aranzadiren datu base orokorrean sartu dituzte datuok, ondoren hainbat webgunetan jarri eta "jende gehiagorengana" iristeko asmotan.

Errepresio motak

Bucesen iritziz, eskubide guztien urraketak ez dira berberak, eta "komenigarria" da horiei buruzko azalpenak ematea. Horietatik ugarienak Jazarpeneko Gizateriaren Aurkako Krimenak kategorian sar daitezkeela azaldu zuen historialari eta ikerlariak. Kopuruei dagokienez, 1936-1959 urteen artean 273 zumaiar kanporatu zituzten herritik jaso dituzten datuen arabera, horietatik asko 1937ko otsailaren 13an eta 14an. Beste 166 zumaiar, berriz, indarrez bidali zituzten erbestera.

Bucesen arabera, 65 pertsonari zigor ekonomikoak jarri zizkieten, eta era berean, 41 zumaiarrek ondasun desjabetzeak jasan behar izan zituzten. Gaitasungabetze profesionalak ere aurkitu dituzte Aranzadikoek; 30, zehazki. "Azken talde horretako gehienak Urola treneko langileak lirateke", gehitu zuen Bucesek. Egindako ikerketan, espetxeratutako 119 zumaiar ere topatu dituzte, eta horietatik 70 aginte frankisten Gerra Kontseiluen ondorioz kartzelaratu zituzten. Kontzentrazio esparruetan sartutako 22 zumaiar ere identifikatu dituzte.

Azkenik, hilketa krimenekin lotutako zumaiarrak aipatu zituen Bucesek. Horietan judizioz kanpoko exekuzioz hildako hamaika zumaiar nabarmendu zituen, heriotza zigorren ondorioz hildako beste hiru, eta borrokan hildako hemeretzi gudari eta miliziano. Historialariak azaldu zuen kategoria gehiago daudela, baina "erregistro gehien" duten taldeak direla txostenean jaso dituztenak. Eta zera gehitu zuen: "Pertsona horietako asko talde batean baino gehiagotan sar daitezke ziurrenik, baina lan hori ahalik eta zorrotzen eta zehatzen egin nahi dugu".

Eskualdean garatu dituzten beste txostenak

Zumaiakoak ez dira Aranzadik eskualdean egin dituen txosten bakarrak. Aurtengo irailean, adibidez, Zestoan ere argitaratu zuen 1936ko gerrako eta frankismoko lehen urteetako biktimei buruzko liburua.

Aurreko urteetan, berriz, eskualdeko beste hainbat herritan ere ikusi zuten argia garai hartako biktimen inguruko liburu nahiz txostenek: Azpeitian, Orion, Getarian...

Lehen bi horien kasuan, gainera, Aranzadik udalekin batera sortutako oroimen webguneak itxi zituzten, Espainiako Gobernuak "ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea" kentzeko eskatu ondoren. Polemikaren erdian, Aranzadik eskatu zien udalei webguneak desaktibatzeko, eta halaxe egin zuten bai Azpeitian eta bai Orion.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide