Migel Gutierrezek lortu du aurtengo sormen beka

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 21a, 17:00

Ezkerretik, Miriam Romatet kultur teknikaria, Ainhoa Illarramendi zinegotzia, Migel Gutierrez, Marina Bidasoro zinegotzia eta Duñike Agirrezabalaga zinegotzia. (Zumaiako Udala)

Basoa.wav izeneko sei abestiko disko bat sortuko du herriko musikari eta sortzaileekin. 8.000 euroko dirulaguntza jasoko du zumaiarrak.

2023ko sormenerako bekaren deialdiak badu irabazlea. Migel Gutierrez zumaiarraren proposamena aukeratu du epaimahaiak eta, ondorioz, 8.000 euroko dirulaguntza jasoko du ideia hori egi bihurtzeko.

Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, hiru proiektu aurkeztu dira aurtengo beka-deialdira. Epaimahaia udaleko Kultura batzordeko hiru ordezkarik eta beste herri batzuetako hiru kultur teknikarik osatu dute, eta haiek aurkeztutako lanen kalitate ona nabarmendu  dute. Gutierrezen proposamena ahobatez onartu dutela ere azaldu du udalak.

Aurkeztutako proiektuaren arabera, bekaren onuradunak sei abesti inguruko EP bat sortuko du datozen hilabeteotab, herriko zenbait musikari eta sortzailerekin batera. Besteak beste, Maria Zubimendi akordeoilariak, Joxe Mari Azkue bandako zuzendariak eta oboe musikariak, eta Jon Maia letristak hartuko dute parte Gutierrezen proiektuan.

Sormen prozesua ere dokumentatuko du musikariak, eta horretarako sare sozialetan kontu bat sortuko du prozesuaren bilakaeran murgiltzeko aukera emanez.

Basotik begira

Bi arrazoirengatik deitu dio Basoa.wav proiektuari. "Batetik Zumaia itsasotik begiratu beharrean basotik begiratuko duelako, Artaditik zehazki; hala, bere Artadiko etxeko estudioan sortu, grabatu eta produzituko ditu abestiak, herriko musikari eta sortzaileen ondoan. Bestalde, .wav audio digitalaren formatuaren laburdura erabili du proiektuaren izenburuan, sormen lan honen izaera musikala nabarmentzeko".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide