Gabonetako abestiez beteko ditu Gabon Koruak herriko kaleak bihar

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 23a, 13:00

Parrokian egingo den ekitaldiarekin hasiko da aurten ere Gabon Koruaren saioa.

Ez dago Gabonik Zumaian Gabon Korurik gabe. Ohikoa den bezala, Gabon gau arratsaldean aterako da abesbatza herriko kaleak Garai honetako abestiekin girotzera.

Orain 79 urte atera zen lehendabizikoz Gabon Korua herriko kaleetara, eta bi urtetan izan ezik, ordutik urtero aritu da Zumaiako kale, izkina, plaza eta txokoak urteko garai honekin lotutako abestiekin girotzera.

Aurten ere Amaia Aldalurrek zuzenduko du abesbatza, eta azken bi urteetan egin bezala, abenduaren 24ko arratsaldeko 5:30ean abiatuko da San Pedro Parrokiatik. Elizan bertan abestuko dute hasteko. Gero eta indar handiagoa hartzen ari den unea dela hau azpimarratu dute Koruko kideek. Bertan, kalejiran zehar kantatuko dituzten abestiak entzuteko aukera izango da bertan. Gero eta indar handiagoa hartzen ari den unea dela hau azpimarratu dute Koruko kideek. "Urtero berrikuntzak sartzen dira, baita azken urteetan egin ez diren abestiak berreskuratu, hor ditugu Strähle-Araolazaren Zerutik lurrera eta Joaquin Pildainek  moldatutako Haur eder baten bila. Berrikuntzen artean, baina ez bakarra, Javier Bustok moldatutako Olentzero abesti herrikoia. Haurrek ondo dakitenez, abesti honetan txikiei gurekin kantatzeko gonbitea zabalduko diegu".

Zuzenean entzuteko aukera ez duten jendearentzat, San Pedro parrokiak YouTuben duen kanalaren bitartez ikusi eta entzun ahalko izango da hasierako ekitaldia.

Behin parrokiako emanaldia amaituta ekingo dio ehun abeslari inguruk osatutako taldeak kalejirari. Otezuri ingurutik abiatuko dira 18:15ak aldera, eta Victoriano Arraten, Eusebio Gurrutxaga plazan (19:30ean) eta Erribera kalean abestu ondoren, Ondartxo plazan amaituko dute saioa, 20:30ak aldera. Kalejirari ekin aurretik, taldetxo batek San Juan Egoitzara egingo du bisita. "Modu honetan zaharren egoitzetara bisita berreskuratu da, iazko egoera medio, ezin izan baitzen egin".

Laguntza emateko aukerak

Gabon Koruaren ibilbide osoan gertatu bezala, beharrean dauden pertsonentzako diru bilketa egingo da. Azken urteetan Zumaiako Caritasek egiten du lan hau. Hau egiteko bi kontu korronte ditu irekita: 2095 5174 91 1060984019 (Kutxabank) eta 3035 0037 430370038050 (Laboral Kutxa). Honez gain, aurreko urteetan egin bezala mahaiak jarriko ditu Erribera Kalean Gabon arratsean ekarpenak jasotzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide