Jon Maiak ez daki zer den geldirik egotea. Durangoko Azokaren atarian atera zuen Kantu berri bat gara disko-liburua, eta zuzenekoek eta proposatzen dizkioten beste proiektuek uzten dioten denboran ekin dio aspalditik zuen ametsa egi bihurtzeko lanketari. "Badakizu marrazoengatik zer dioten: geldirik geratzen badira hil egiten direla. Bada, nirekin antzera gertatzen da. Ideia ugari ditut buruan, batzuk besteak baino errazagoak, baina oraingo honetan orain gutxira arte zientzia fikzio bezala ikus zitekeen zerbait gauzatu nahi dut. Horretan nabil buru belarri", dio bertsolariak.
Liburuak, dokumentalak eta diskoak tartekatu ditu Maiak azken urteetan. Oraingoan, ordea, musikaren bidetik segituko du eta azaroan plazaratutako diskoari ezohiko jarraipena emango dio. Izan ere, punta-puntako teknologia erabiliko du bere heroiekin kolaboratu ahal izateko. "Talde edo abeslari batzuek deluxe edizioak ateratzen dituzte eta kanpoan geratu diren abestiak sartzen dituzte edizio berrietan. Nik ez nuen hori egin nahi; pobrea iruditzen zitzaidan. Zerbait berria egin nahi nuen, berritzailea, orain arte Euskal Herrian egin ez dena, entzuleak zur eta lur utziko zituena. Nire heroi batzuekin ere kolaboratu nahi nuen, hori nuen ametsa, eta bi ideia horiek, etengabeko berrikuntza eta omenaldia, uztartzea okurritu zitzaidan".
Heroiak, kasu honetan, dagoeneko hilik dauden musikari mitikoak dira: Mikel Laboa, Xabier Lete, Lourdes Iriondo... Baina, nola bihurtu egi amets eginezina dirudien hori? "Balmasedan eman nuen kontzertu baten atarian, Bizkaiko merkataritza-ganberak argitaratutako aldizkaria irakurtzen nengoen, eta Zamudioko parke teknologikoan dagoen AI am Basque enpresako buruari egindako elkarrizketa ikusi nuen. Hor ikusi nuen buruan bueltaka nituen ideia horiek, desio horiek, gauzatzeko aukera bazegoela". Pentsatu eta egin. Musikari kuttun hauen diskoak hartu, kotxera igo, eta Zamudiora joan zen Maia. Euskal musikarien diskoarekin batera eraman zuen Camaron de la Islaren disko bat ere. "Silvio Rodriguez euskaraz entzutea gauza handia izan bada, pentsa flamenkoari halako astindua eman zion eta hainbat muga hautsi izan zituen Camaron gure hizkuntza zahar, txiki bezain handian entzutea zer izango zen", dio Maiak oraindik ere txundituta.
Han, adimen artifizialari esker, zendutako artista hauen ahotsak sintetizatu zituzten, eta Maiaren eskutan utzi honek abestietan erabili zitzan. "Spielbergen edo Cameronen filmetako ideia zirudiena errealitate bihurtu zen", azpimarratu du sortzaileak. Proiektu ausarta izanik, ohikoa duen musika estiloetatik ihes egin nahi izan du oraingoan Maiak eta musika urbanoekin jokatu nahi izan du. Hala, Lete regetoia abesten edo Camaron beat indartsuekin jantzitako euskal folk abesti bat kantatzen entzuteko aukera izango dute disko honetara hurbilduko diren musikazaleek.
Dena ondo bidean, ekainerako izango da Ametsen erauntsia izeneko disko laburra plataformetan entzungai. Geldirik geratzeko asmorik ez, eta zuzenekora eramateko pausoak ematen dabil Maia, hologramen bidez musikari historiko hauei bigarren bizitza bat emateko. "Nire asmoa San Mamesen aurkeztea da eta izar handi asko igotzea oholtzara: Fermin Muguruza, En tol Sarmiento, Mikel Izal, Rosalía, Julen Guerrero, Bulegoko Tom... eta horien artean omenaldi handi hori egitea gure sortzaile mitiko hauei hologramen bidez. Horretan nabil orain buru belarri".
Baleikek Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau.