2023. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Baleike.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Baleikek 2023an ere, eta hainbat izan dira Komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 3.273 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, bederatzi albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.
2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1,6 milioi bisita izan ditu Baleike.eus-ek: zehazki, 1.628.562 bisita. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Urtez urte hazten jarraitzen du Baleikeren webguneko bisiten kopuruak, eta iazkoa ere ez da salbuespena izan; izan ere, 147.295 bisita gehiago izan ditu Baleike.eus-ek urtebeteko epean. Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 4.461 bisita izan ditu webguneak.
Azken urteetako joerari eutsiz, 2023an ere erabiltzaile gehienek eskuko telefonoa erabili dute Baleike.eus irakurtzeko: %80 inguruk –2022an %70 izan ziren–.
Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak izugarriak izan dira 2022an. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Baleike, Karkara, Maxixatzen, Urola Kostako Hitza eta Zarauzko Hitza– 10.263.009 bisita izan zituzten iaz, 2022an baino milioi bat bisita gehiago –9.174.112 bisita izan zituzten 2022an–.