Ikerketa zientifikoa sustatzeko laguntza deialdia zabaldu du Geoparkeak

Juan Luis Romatet 2024ko urtarrilaren 6a

Lagundutako aurreko ikerketa baten ondorioz ireki zuten Nautilus, didaktika eta ikerketa gela. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Eskabideak 2024ko urtarrilaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira eta laguntza gehienez 3.500 eurokoa izango da. 

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak ikerketa zientifikoa bultzatzen jarraitzeko laguntzen deialdia egin du. Urtero eskaintzen du erakundeak laguntza bat Geoparkeko natura- eta kultura-ondareari, eta, bereziki, ondare geologikoari buruzko ikerketa-lanak egiteko. Aurten, Geoparketik azaldu dutenez, geologiaz gain, ekologia, natura gune babestuak, historiaurrea, kultura-ondare ukiezina eta itsas ondarea izango dira lehenetsiko diren gaiak. 

Pertsona fisiko eta juridikoek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek, eta eskatzaile bakoitzak gehienez ere bi ikerketa proiektu aurkeztu ahal izango ditu. Urtebeteko edo bi urteko iraupeneko proiektuak aurkeztu daitezke eta laguntza gehienez 3.500 eurokoa izango da. 

Eskabideak 2024ko urtarrilaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira. Lehiaketako oinarriak www.geoparkea.eus webgunean aurki daitezke, Zientzia eta Hezkuntza atalean Ikerketa deritzon azpiatalean. Aholkularitza Batzorde Zientifikoaren ordezkari batek, zuzendaritza zientifikoak eta Geoparkearen gerentziak  baloratuko dituzte aurkeztutako eskaerak.

Hirugarren deialdia 

Dealdi hau egiten duen hirugarren urtea izango da aurtengoa. 2022 eta 2023 urteetan zehar bi ikerketa aurrera eraman ziren: EHUko Aitor Larrañagaren Diversidad faunística en los ríos del Geoparque: efecto del aislamiento fluvial, eta EHUko Luis Miguel Agirrezabalaren Konkrezioak Deba eta Mutrikuko Flysch Beltza Taldean: tipologia, eraketa-mekanismoak eta kontrolak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide