Basotik egingo dio so Zumaiari

Maria Maya Manterola 2024ko urtarrilaren 9a

Argazkia: Maria Maya Manterola.

Migel Gutierrezek eskuratu du Zumaiako Udalaren sormen beka. Disko bat sortuko du  herriko musikariekin, eta 8.000 euro jasoko ditu Basoa.wav deituriko proiektua gauzatzeko. 

Migel Gutierrez zumaiarraren proposamena aukeratu du epaimahaiak 2023ko sormen beka jasotzeko, eta, ondorioz, 8.000 euroko diru laguntza jasoko du Gutierrezek aurkeztutako proiektua gauzatu ahal izateko.

Aurkeztutako proiektuaren arabera, bekaren onuradunak sei abesti inguruko EPa sortuko du datozen hilabeteotan, herriko zenbait musikarirekin eta sortzailerekin batera. Besteak beste, Maria Zubimendi akordeoi jotzailelak, Joxe Mari Azkue bandako zuzendariak eta oboe musikariak eta Jon Maia kanta idazleak parte hartuko dute Gutierrezen proiektuan.

Sormen prozesua ere dokumentatuko du musikariak, eta horretarako sare sozialetan kontu bat sortuko du prozesuaren bilakaeran murgiltzeko aukera emanez.

Musikaren esparruan ibilbide luzea egin du Gutierrezek. 2017an Malagan (Espainia) musika ekoizpeneko ikastaro bat egin zuen, eta haren hitzetan, horiek izan ziren gustuko ikasketak, "ekoizlea izateko ametsa" duelako. Azken urteotan beste zeregin batzuetan aritu den arren, azaldu du orain sortu zaiola gustuko duen horri heltzeko aukera. 

Esker mezua igorri nahi izan du: "Niretzat beka aukera paregabea da egin nahi dudan hori egiteko". Aspalditik zuen Gutierrezek buruan musikariak elkartu eta proiektu bat egiteko ideia. Azaldu duenez, Zumaia musikarien "harrobi handia" da, eta sormen beka jasotzeko laguntza udaletik zetorrenez, egitasmoa herrian bertan ardaztuko du. Herriko musikariek parte hartzeaz gain, herriko zenbait soinu erabiliko ditu abestietan.

Basotik begira

Bi arrazoirengatik deitu dio Basoa.wav proiektuari. "Batetik, Zumaia itsasotik begiratu beharrean, basotik begiratuko duelako, Artaditik zehazki". Hala, bere Artadiko etxeko estudioan sortu, grabatu eta ekoitziko ditu abestiak, herriko musikarien eta sortzaileen ondoan. "Ni basoan hazitakoa naiz, eta niretzat esanahi handia du horrek", dio Gutierrezek. Bestetik, .wav audio digitalaren formatuaren laburdura erabili du Gutierrezek proiektuaren izenburuan, sormen lanaren izaera musikala nabarmentzeko.

Musika elektronikoa sortuko du zumaiarrak, herriko musikarien kolaborazioekin batera. Hain zuzen, instrumentu klasikoak musika elektronikoa erabilita nahasiko ditu. Diskoa sortzeaz gain, zuzeneko ikuskizun bat osatu nahiko luke: "Abestiak elkar lotu nahiko nituzke, eta pausarik gabeko ikuskizun bat eskaini, entzulea ere ikuskizunaren parte bihurtu eta giroan sartzeko". 

Zuzenekoaren indarra

Beka jaso berritan, proiektuan gehiago sakontzen hasi da Gutierrez, eta esan du zuzeneko ikuskizun horretan jarri nahiko lukeela indarra: "Abestiei beren garrantzia eman nahi diet, proiektuaren erdigunea direlako, baina konturatu naiz zuzenekoa prestatzen ere lan egin behar dela, horri esker proiektua herritik atera daitekeelako". Sormen prozesuaren hastapenetan dago orain proiektua, baina dosierrean azaldu bezala, zumaiarrak zehaztuta ditu hurrengo pausoak: grabazioa, ekoizpena, nahasketa eta masterizazioa izango dira horietako batzuk.  Dagoeneko eman ditu lehen urratsak Gutierrezek, eta hilabete batzuk barru zuzenean edota diskoan jasota ikusi ahal izango da haren lanaren emaitza. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide