Gabonetako ekitaldietan parte hartu duten zumaiarrei esker mezua igorri die udalak

Maria Maya Manterola 2024ko urtarrilaren 9a

Zumaiarrak "elkarlanaren adibide" izan dira Gabonetan, udalaren hitzetan. Herritarren parte hartzerik gabe, ezinezkoak lirateke ekitaldiak, eta ekarpena egin duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie. 

Gabonak amaitu berritan, herriko boluntarioei eta elkarteei esker mezua igorri nahi izan die Zumaiako Udalak. Azken asteotan izan diren ekitaldiak aipatu dituzte: Olentzero eta Gomezago nahiz Hiru Errege Magoen bisita. 

Gogorarazi nahi izan dute ekitaldiok posible izan direla zumaiarrei esker, eta beraz, esker ona adierazi nahi izan diete antolaketan zein egunean bertan ekarpena egin duten guztiei. "Elkarlanaren adibide" izan da Zumaia, udalaren hitzetan. 

Eskerrak ematearekin batera, kultur zein kirol ekitaldien arrakasta nabarmendu nahi izan du udalak. San Silbestre lasterketa jendetsua, ipuin kontaketak nahiz kontzertuak aipatu dituzte, eta amaitzeko, esan dute urte berrian Zumaiako bizitza kulturalaz gozatzen jarraitzera eta horietan aktiboki parte hartzera animatu nahi dituztela herritarrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide