Ostegunetako azoka Beheko plazara lekualdatuko dute

Maria Maya Manterola 2024ko urtarrilaren 9a

Aldaketak saltzaileei, erosleei eta, oro har, herritar guztiei mesede egingo diela uste du udalak. Ostegun honetako azoka, hilaren 11koa, Beheko plazan izango da jada. 

Zumaiako Udalak Ondartxo eta Amaia plazetan egin ohi den osteguneroko azoka lekualdatzea erabaki du: aurrerantzean Eusebio Gurrutxaga plazan ezarriko dituzte postuak. Etzi egingo den azoka, hilaren 11koa, kokaleku berrian egingo dute. 

Batetik, kamioien joan etorriak Ondartxoko garaje eta espaloietan sortutako kalteak ekidin nahi dituzte. Gainera, azaldu du udalak orain arte postuek zenbait tabernen terrazen espazioak erabiltzen zituztela, eta bizilagunen kexak kontuan hartuta, azoka lekualdatzea erabaki dute. 

Bestetik, garapen integraleko plana aipatu dute: "Aterpe handi bat eraikiko da Torreberri eraikinaren inguruan, eta bestetik, Erkibe eraikinaren ingurua eta plaza lotu egingo dira. Azkenik, Erkibe eraikinean tokiko produktuen Elikagunea sortzea da Zumaiako Udalaren asmoa". Horregatik guztiagatik, Beheko plaza elikadurarekin eta azokekin biziberritzeko asmoa izanik, ostegunetako elikagaien eta arropen azokarentzat leku aproposa dela uste dute udal ordezkariek.

Udalak espero du saltzaileei, erosleei eta, oro har, herritar guztiei egingo diela mesede kokapen aldaketak. Ostegun honetako azoka eta datozenak Beheko plazan izango dira, 08:30etik 13:00ak bitarte.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide