Mailan gora, pausoz pauso

Juan Luis Romatet 2024ko urtarrilaren 12a

Kbi taldeko jokalariak iazko ligako jardunaldi batean. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako Kbi xake klubak hiru talderekin parte hartuko du datorren asteburuan abiatuko duten Gipuzkoako xake ligan. Aurten, gainera, debuta egingo du ligako lehen mailan.

Peoiak aurrera, baina pauso txikiak emanez; alfilak eta dorreak taulan nahi adina mugitzen, batzuk diagonalean, besteak zuzen-zuzen; zaldiak saltoka, erregina zelatan, eta erregea adi-adi, bere koroa inork kenduko ez dion esperantzarekin. Xakeko piezak berriro ere tauletara itzuliko dira datorren asteburutik aurrera. Izan ere, larunbatean ekingo diote Gipuzkoako xake ligaren denboraldi berriari. 11 asteburutan jokatuko dituzte partidak, eta horren ondoren izango da igoeren eta jaitsieren berri. "11 asteburutan jarraian izango dira jardunaldiak, inauterietako asteburuan izan ezik. Lehen, jai horietako asteburuan ere izaten ziren partidak, baina aurten, Gipuzkoako Xake Federazioak atseden emateko erabakia hartu du", azaldu du Aitor Sarasketa Zumaiako Kbi xake klubeko presidenteak.

Taldeak indartuta

Klubak hiru talderekin parte hartuko du aurtengo ligan; lehen, bigarren eta hirugarren mailetan talde banarekin, hain zuzen ere. Aurtengoan, gainera, debuta egingo dute A eta B taldeek beraien kategorietan, iaz igoerak erdietsi ondoren. Hala, lehen taldea eskualdeko beste birekin lehiatuko da maila berean: Zarautz B eta Domusa Azpeitia taldeekin.

Orain zazpi urte sortu zuten Kbi xake kluba Zumaian. Aurretik ere xakeak bazuen presentzia herrian, eta horren erakusle da Gabonetan jokatzen duten txapelketa: 2023ko Inuzenteen Egunean jokatutakoan, ia ehun jokalari bertaratu ziren Zumaiara txapelketan parte hartzeko. Behin kluba sortuta, txapelketetan parte hartzeko oinarriak jarri zituzten.

Pausoz pauso joan da Kbi Gipuzkoako xake munduan presentzia handitzen, eta aurtengo denboraldirako ere helburu anbiziotsuak dituztela azpimarratu du Sarasketak. Hala, A taldea indartuko duten bi lagunek egin dute fitxa Kbi klubarekin. "Batetik, Erik Juez izango dugu gurekin. Zarauztarra da, eta familia du Zumaian. Zarauzko jokalari onentsuenetakoa da, eta aurten gurekin aritu nahi duela esan digu. Oierren [Sarasketa, Aitorren semea] entrenatzailea da, eta Oier eta kluba euskal ligan jokatzen ikusi nahiko lituzke".

Aurten Zumaiako klubarekin arituko den beste xake jolaria Paulo Alberdi izango da. "Helene Alberdi triatletaren anaia da, eta sekulako maila du", nabarmendu du presidenteak. Bost jokalariren fitxa egin dute lehen talderako. Juezez eta Alberdiz gain, Oier Sarasketa, Fermin Lauroba eta Xabi Aranzabal arituko dira A taldean, eta jardunaldi bakoitzean lau jokalari aritzen direnez, txandakatzen arituko direla azaldu du Sarasketak. Helburua preferente mailarako igoera lortzea dela gaineratu du. "Talde indartsua dugu, eta helburua lortu daitekeela uste dugu". Beste bi taldeak bigarren eta hirugarren mailetan ariko dira. "Bigarren mailan ere talde polita dugu, eta lortzen dituzten emaitzen arabera joango gara helburuak ezartzen". Hirugarren mailako taldean, berriz, xakean hasi berri direnek jokatuko dute.

Urte gutxi hauetan klubak lortutako emaitzekin pozik da Sarasketa. "Ez genuen espero; Laurobak dio duela sei urte ez zuela imajinatu ere egingo Zumaian xakeko klub bat izango zenik, eta are gutxiago lehen mailan arituko ginenik".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide