Gurasoak heziketa prozesuan inplikatu eta horretarako baliabideak eskaintzeko helburuarekin, hitzaldi sorta antolatu dute Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Hezkuntza eta Gazteria Sailak elkarlanean. Askotariko gaiak landuko dituzte adituen eskutik: lehen saioan, urtarrilaren 30ean, sexu-heziketaz eta pornografiaz arituko da Eider Goiburu; otsailaren 27an, lagun arteko harreman osasuntsuak izango ditu hizpide Nerea Mendizabalek; martxoaren 19an, familia barruko komunikazioa izango du hizketagai Leyre Canok; eta nerabeen osasun mentalaz arituko da, azkenik, Estibaliz Ansotegi apirilaren 23an.
Hitzaldietara bertaratu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute kartelean zehaztutako epean, brankaharrera@zumaia.eus helbidera idatzita.