Zumaiako Sortuk bi solasaldi antolatu ditu Arnas luzez izenburupean. Iratzar fundazioarekin eta Txalaparta argitaletxearekin antolatu dute, izan ere, bi erakunde horiek elkarlanean argitaratzen duten Iparrorratza bildumako azken bi liburuez arituko dira solasaldi horietan.
Lehena urtarrilaren 17an izango da, asteazkenean: Jokin Bergara soziologoa krisi ekologikoaren gaineko analisi politiko eta sozialaz arituko da. Gogoeta soziologikoak, politikoak eta pertsonalak tartekatzen ditu egileak. Testuinguru horretan dauden aukerez eta arriskuez mintzo da Bergara; hala nola, herritarren zati batek bide ekofaxista besarkatzeko arriskuaz. Krisi ekosozialaren aurrean ortzimuga kolektibo berriak irudikatzeaz ere hitz egiten du Bergarak, eta nabarmentzen du horretan borroka kulturalak, zentzu komunean eragiteak, daukan garrantzia.
Otsailaren 14an, berriz, Emagin elkarteko Miren Aranguren Etxartek, Monika Mendiberri Apezetxeak eta Ainara Santamaria Barinagarrementeriak idatzitako Ez dadin bizitza eten lanaz arituko dira. Zaurgarritasuna ez aitortzeak zaintzen antolaketan dituen ondorio sozialak, zaintza unibertsalak Euskal Herriko zaintza erregimenean duen eraginaz eta zapalduenen bizitzak etengo ez dituen trantsizioan kontuan hartu bearrekoaz arituko dira egileak.
Bi hitzaldiak Alondegiko Oxford aretoan izango dira, 18:30ean hasita. Gai horien inguruan elkarrekin hausnartzera gonbidatu ditu Zumaiako Sortuk herritarrak.