Jose Maria Zubia Aita Mari hil zenetik 158 urte bete dira urtarrilaren 9an, eta omenaldia egingo diote Donostiako Euskal Museoan. Bertako zuzendaria eta ekimenaren antolatzaileetako bat da Xabier Alberdi (Zarautz, 1969), eta asko daki pertsonaia ezagun horretaz; 2017an, Jabier Carballorekin batera, Aita Mariren inguruko Mari liburua idatzi zuen, esaterako.
Nor zen Jose Maria Zubia, Aita Mari?
1809an jaio zen, Zumaian, eta haurtzarotik itsas munduan murgilduta egon zen pertsonaia bat izan zen. Familia arrantzale girokoa zuen, eta Zumaian Urola ibaiaren itsasoratze gunean atoi lanetan jarduten zen familia osoa. XIX. mendearen erdialdean Donostiara joan zen bizitzera; bertan ezkondu zen, eta bertan izan zuen alaba. Arrantzale lanetan hasi zen orduan. Arrantzarako traineru baten buru gisa ibili zen, eta horretan ari zela suertatu zitzaion hainbat sorospen lan egitea, beste marinel batzuei laguntzeko. Salbamendu lan horietako batean ari zela hil zen.
Zergatik egin zen ezaguna?
1861ean, jada Donostian bizi zela, gertatu zitzaion sorospen bat egin beharra. Beharra diot, itsasgizonen artean beharrezkoa delako sorostea. Itsasontzi batean baldin bazaude eta itsasoan arriskuan dagoen norbait aurkitzen baduzu, ez da behar moral bat bakarrik; behar legal bat da: zuk sorotsi egin behar duzu larrialdian dagoena. 1861eko uztailean, udako galerna baten ondorioz, txalupa bat Donostiako Urgull mendiko haitzetara eraman zuen itsasoak, eta Marik parte hartu zuen txalupako mutilak sorosten; horrek sekulako ospea eman zion, eta hor bilakatu zen pertsonaia entzutetsu bat.
Non trebatu zen erreskateak egiten?
Zumaiako portuan lan egitera ohitutako pertsona bat zenez, bazekien baldintza txarretan nabigatzen. Gaur egun, ibai bokaleak kanalizatuta daude, obra hidraulikoekin, baina orain dela hamarkada gutxira arte, leku arriskutsuak ziren. Oso maiz izaten ziren istripuak gune horietan, sartu edo irten nahi zuten itsasontziak bertan irauli eta hondora joaten zirelako. Marinel asko itotzen ziren. Beraz, Mariri askotan suertatuko zitzaion egoera gogorretan itsasontzi horiek sorotsi beharra.
Itsasoak istripu asko eragiten zituen garai hartan?
Bai. XIX. mendean, orokorrean, hainbat gertakari larri izan ziren. Besteak beste, ezaguna da 1912ko galerna. Bermeon, esaterako, ehun lagun pasa galdu ziren. Horrelakoak nahiko maiz gertatzen ziren.
Zenbat erreskate egin zituen Marik?
Kotsultatu ditugun iturriek diote hainbat sorospen lanetan parte hartu zuela, baina ez dituzte zehazten. Ez dakigu zehazki zer kasu izan ziren. Ziurrenik, nahiko ohikoa izango zelako, eta baita, berak sorotsi zituen kasu horietan, ezbehar larririk gertatu ez zelako ere. Bestalde, izan daiteke ikuslerik ez zegoen testuinguru batean gertatu izana. Hau da; ez zegoen udatiar aberatsik begira.