Bart gauean hil da Iñaki Beobide euskaltzain urgazlea eta kulturgilea, 89 urterekin, hainbat urteko gaixotasunaren ostean. Zumaian jaio zen, baina ia bizitza osoa Donostian egin zuen, eta aski ezaguna da Herri Gogoa diskoetxea sortzeagatik, Jarrai antzerki taldeko zuzendaria izateagatik eta EITB sortzeko lanetan egoteagatik. Euskarazko liburugintzan eta komikigintzan ere aritu zen buru-belarri.
Frankismo garaian, Donostiako Aurrera jatetxearen azpian entseatzen zuten Jarrai antzerki taldeak, eta bertan elkartzen ziren, besteak beste, zendu berria den Arantxa Gurmendi, Ramon Saizarbitoria, Txaro Arteaga, Xabier Lete eta Rikardo Ugarte. Hamar urteko ibilbidean hogei antzezlan taularatu zituen.
Herri Gogoa eta EITB
Kartzelan izan zen hainbat hilabetez eta irtetean, Herri Gogoa diskoetxea (1967-1981) sortu zuen Axen Egaña emazte ohiarekin batera, Pako Mingolarraren mezenasgoarekin. Herri Gogoak euskal kulturan benetako iraultza suposatu zuen, izan ere, Euskal Kantagintza Berriaren musikari ezagunenak argitaratu zituen: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondok, Xabier Letek eta Antton Valverde, adibidez. Gros auzoan zuten estudio erdi klandestinoan aurrera eramaten zituzten ekoizpen guztia.
EITBren sortze lanetan aritu zen Beobide, 1981. urtean euskal irrati eta telebistako eskola jarri zuten abian. Europako zenbait herri bisitatu zituzten modelo ezberdinak ikasteko eta Lakuan sortu zuten beste eskola bat. EITBren egoitza nagusia Iurretan kokatu zuten eta lehen emisioa 1982. urteko abenduaren 31n egin zuten kamioi batean instalatutako unitate ibiltari batean.
2011n Durangoko Azokak Argizaiola Saria eman zion, euskal kulturan izandako lan eskergagatik.