Urtarrilaren 31n jarriko dira salgai Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berrirako sarrerak

Juan Luis Romatet 2024ko urtarrilaren 16a

Otsailaren 12an izango da pailazoen saioa Zumaienako aretoan.

Urteroko legez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots Zumaian izango dira, Inauterietako egitarauaren barruan. Bi emanaldi izango dira otsailaren 12an, eta sarrerak urtarrilaren 31n jarriko dira salgai.

Ez gara jaitsiko ikuskizuna aurkeztera etorriko dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots Zumaiara. Otsailaren 12an bi emanaldi eskainiko dituzte Zumaiena ikastetxeko aretoan: 15:00etan lehena eta bigarrena 17:30ean. Ohi bezala, ez da umorerik, dantzarik eta musikarik faltatuko.

Bi saioetarako sarrerak urtarrilaren 31n jarriko dituzte salgai. Egun horretan, 17:00etatik 18.30era, Alondegiko Oxford aretoan erosi ahal izango dira aurrez aurre. Geroxeago, 19:30etik aurrera, sarrerakzumaia.eus atarian salduko dituzte. Oraindik ere saldu gabeko sarrerarik geratzen bada, turismo bulegoan jarriko dituzte salgai.

Sarreren prezioa 6,20 euro izango da, eta pertsonako, gehienez, sei sarrera erosi ahal izango dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, urtebetetik gorako haurrek ere sarrera beharko dute aretoan sartzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide