Azken urteotan egin bezala, Gabon Koruak diru bilketa egin zuen eta jasotakoa Zumaiako Caritasen esku utzi. Elkarte honek jakitera eman duenez, 5.000 eurotik gora (5.264,94 euro zehazki) bildu zuten Gabonetako kanpainan. Horregatik, Caritasek eskerrak eman nahi dizkie Gabon Koruko kideei, txistulariei, diru biltzaileei, egun horretan lagundu zuten guztiei eta, oro har, Zumaiako herri guztiari "behartsuekiko duten eskuzabaltasunagatik". Jasotako diru hori beharrean dauden pertsonen artean erabiliko dutela ere azaldu du elkarteak.
Gabonetako kanpainan eta urtean zehar jasotako dirua zertan erabiltzen duten ere xehatu nahi izan du Zumaiako Caritasek. Dirua hiru kontzeptutan banatzen dutela nabarmendu dute elkarteko kideek. Ordainketen barruan, "alokairuak, medikuak, dentistak, ikastaroak, gasa, ura eta argindar gastuak, bankuko gastuak, notariak, abokatuak, Mugi, sendagaiak, optikak, eskola gastuak, bidaiak…", bezalako gastuak ordaintzeko erabiltzen dute dirua. Galgarriak ez diren janariak, edo oinetakoak eta barruko arropak erosteko erabiltzen dute jasotako diruaren beste zati bat. Amaitzeko, Gobernuz Kanpoko Erakundeak (Darahli, Zaporeak) laguntzen dituztela ere azaldu dute, baita hondamendiren bat gertatzen denean (Maroko, Ukraina) dirua bideratu ere.
Zumaiako Caritasekin kolaboratu nahi dutenek elkarteko ateak zabalik izango dituztela ere gaineratu dute. Lagun horiek elkarteko lokaletik pasatu besterik ez dute egin behar.