Lopez eta Goikoetxea, aurrez aurre Winter Serieseko finalerdietan

Juan Luis Romatet 2024ko urtarrilaren 23a

Gernikako frontoiko harmailak zaletuz beteta egon dira txapelketa osoan zehar. (Eraman!)

Datorren astelehenean jokatuko da finalerdietako lehen jardunaldia, eta bi zumaiarrak aurrez aurre arituko dira Gernikako pilotalekuko kantxan.

Bart jokatu zen jardunaldi bikoitzak –aurrekoa bertan behera utzi zuten Gernikako frontoian izandako hezetasun handiagatik– eman zion amaiera udazkenetik hona Gernikan jokatutako Winter Series zesta punta txapelketako ligaxkari. Hala, erabakita geratu da bi multzoetako sailkapenak, baita finalerdietan zer neurketa jokatuko diren.

Behin txapelketako lehen fasea amaituta, ligaxkakoa, Iñaki Osa Goikoetxea eta Lekerikak amaitu dute A multzoko lehen postuan 12 punturekin; bigarren Olharan eta Del Rio sailkatu dira 7 punturekin, hirugarren Goitia eta Basque 4 punturekin, eta laugarren Erik eta Minvielle puntu bakarrarekin. B multzoan, aldiz, Erkiaga eta Ibarluzea izan dira lehenak 10 punturekin, Johan eta Imanol Lopez bigarren 9 punturekin, Laduche eta Gorka hirugarren 5 punturekin eta Arbe eta Manci laugarren puntu bat bera ere eskuratu gabe. 

Multzo bakoitzeko lehen bi bikoteak pasatuko dira txapelketako finalerdiak jokatzera. Hala, Goikoetxea eta Lekerika Johan eta Lopezen aurka arituko dira. Partida hau urtarrilaren 29an jokatuko dute. Astebete geroago, otsailaren 5ean, jokatuko da bigarren finalerdia. Neurketa honetan Erkiaga eta Ibarluzeak Olharan eta Del Rio izango dituzte aurkari.

Behin finalerdiak amaituta, otsailaren 12an hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketa jokatuko da, eta hilaren 18an, igandean, txapelketako final handia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide