Espainia mailako Ekoturismoaren VII. Kongresua hartuko du Geoparkeak urrian

Juan Luis Romatet 2024ko urtarrilaren 25a

Eskualdeko ordezkariak Fiturreko standaren irekieran. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Berrikuntzekin doa Euskal Kostaldeko Geoparkea Madrilen (Espainia) egiten den nazioarte mailako azokara. Euskadiko standean bere txokoa izateaz gain, Unescoren Geoparkeen standean ere emango du informazioa. Urrian egingo den Ekoturismoaren VII. Kongresuaren egoitza izango dela iragarri dute Madrilen.

Atzo hasi eta igandera bitartean egingo da Fitur turismo azoka Madrilen (Espainia). Nazioarte mailako azoka garrantzitsua, erakunde publiko eta enpresa probatu ugari bertaratzen dira proposamen turistikoak erakustera. Horien artean da Mutriku, Deba eta Zumaia biltzen dituen Euskal Kostaldeko Geoparkea. 

Eguerdian zabaldu zuten Euskal Autonomia Erkidegoak Fiturren izango duen erakustokia, eta Geoparkeko arduradunez gain, hiru herritako ordezkariak (Iñaki Ostolaza alkatea izan zen bertan), eta Debegesa eta Urola Kostako Udal Elkartea eskualde-erakundeak izan ziren inaugurazio ekitaldian.

Jarraian, Turespañako standean eta Ekoturismo Klubaren aurkezpenaren barruan, iragarri dute Euskal Kostaldeko Geoparkeak hartuko duela urriaren 23tik 25era Espainia mailako Ekoturismoaren VII. Kongresua. Euskal kostaldeko erakunde honek nabarmendu duenez, goi mailako beste hautagai batzuekin lehiatu behar izan da kongresuaren antolaketa hartzeko.

Unescoren Geoparkeen standaren irekieran ere parte hartu dute udaletako eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariek. 

Azokarako liburuxka berri bat ere prestatu dute, geoparkeen kokapen-mapa  batekin eta geoparke bakoitzaren informazio orokorrarekin. "Material hori oso erabilgarria  izango da geoparke bakoitza banaka sustatzeaz gain, geoparkeen irudi orokorra sustatzeko".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide