Aste honetan iritsi da Zumaiara Sahararen aldeko Euskal Karabana Piztu Itxaropena lemapean Darahli elkartearen eskutik. Saharako herriari ahalik eta elikagai gehiena eramatea da helburua, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamenduetan pairatzen duten elikagai falta asetzeko nahian. Orain dela pare bat egun hasi ziren janari bilketa egiten herriko ikastetxeetan, eta bihar, aldiz, Eroski eta BM supermerkatuetan egingo dute.
Goizean eta arratsaldean ariko dira Darahliko kideak janaria jasotzen, eta honakoak jasoko dituzte: atun eta sardina latak, azukrea, konpresak, lekaleak, pasta, dilistak, arroza eta sendagaiak. Dena den, Darahliko kideek azaldu dute elikagaiz betetako karabana kanpamenduetara eramateak "kostu ekonomikoa handia" duela, eta horregatik, dirua ere jasoko dutela Saharan bertan elikagaiak erosteko. Dirua hurrengo kontu korronte zenbakietan sartu beharko dute laguntzaileek: ES05 3035 0037 4103 7005 0791 (Laboral Kutxa) eta ES08 2095 5174 9091 1793 1051 (Kutxabank). Bizum bidez ere egin daitezke dohaintzak, 605 70 14 63 zenbakian.