Peru Nolaskoain futbolari zumaiarra Eibar taldera itzuliko da, Athletic Clubekin, bere jatorriko klubarekin, eskualdatzeko akordioa itxi ondoren. Eibarrek aurreratu duenez, 2027ra arteko kontratua sinatu du zumaiarrak.
Iaz ere armaginekin aritu zen Zumaiakoren harrobian hasitako jokalaria. Denboraldi amaieran Athleticera itzuli zen, baina Ernesto Valverderen agindutara ez du jokatzeko aukera handirik izan. Errege Kopako bi partidatan jantzi du Bilboko klubaren kamiseta, Rubí eta Cayónen aurkako partidatan, hain zuzen. Eibarren aurkako norgehigokan ere aritu zen, baina sei minutuz bakarrik.
Nolaskoain defentsan eta zelai erdian moldatu daitekeela nabarmendu du Eibarrek, eta iaz ere armaginekin aritu zela gogoratu du: 34 partida jokatu zituen, horietako 21 titular gisa. Bi gol sartu zituen eta asistentzia bat banatu zuen. Guztira 2.042 minutu jokatu zituen.
Mailaz igotzea du helburu Joseba Etxeberriak zuzentzen duen taldeak. Gaur egun bigarren da Bigarren Mailako sailkapenean, hirugarren den Ferrol galiziarrarekin 41 puntura berdinduta. Liderra Leganes da, 45 punturekin.