Txaranga doinuak tabakoaren jauregian

Juan Luis Romatet 2024ko otsailaren 3a

Txaranga Urretabizkaia Tabakalerako Scala gunean. (Tabakalera)

Musika taldea izanda ere, arte garaikidetik hurbil mugitzen da Jon Mantzisidor Mantxi zumaiarra kide duen Txaranga Urretabizkaia taldea. Bere azken proposamena, Zortzia etzan izenekoa, Donostiako Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroan ikusi eta entzun daiteke. Urtarrileko Baleike aldizkariko artikulua webgunean irakur daiteke orain.

2017. urtean sortu zuten musika talde hori. Festaz festa ibiltzen diren ohiko txarangen haize instrumentuak erabiliz, alderdi esperimentala eta ludikoa uztartzen ditu, espazio eta testuinguru jakinetara egokitutako partiturak eta koreografiak sortuz, gero espazio horretan bertan aurkezteko. Soinuan bakarrik ez, performancean eta alderdi bisualean ere arreta berezia jartzen du. Jaialdi ugaritan partaide izana, 2017. eta 2021. urteen artean sortutako eta jotako partiturak bildu zituzten Partiturak/s liburua argitaratu zuen taldeak 2021ean.

Tabakalerako erakusketa honetarako sortu duten proposamenean lehendabizikoz lan egin dute grabatutako musikarekin. Soinu horiek estudioan eta eskaileren espazioan bertan grabatu dituzte, eta Tabakalerako sistema oktofonikoak eskaintzen dituen soinu aukerak esploratzeko konposizioak sortu dituzte. "Pieza horietako batzuk ariketa gisakoak dira; izan ere, musikariek joko-arau jakin batzuei jarraituz jokatzen dute. Beste batzuek, aldiz, musika konposizioak berezko dituen paradoxak azpimarratzen dituzte, tempoa zabalduta edo tonua minimizatuta", azaldu dute Tabakalerako arduradunek. Pieza batzuk kultur zentroko Scala eremuko [Tabakalerako eskailera nagusia] espaziorako diseinatu, gauzatu eta egokitu dira, eta bertako xehetasun arkitektonikoak instrumentu gisa erabili dira konposizio batzuetan.

Pieza bakarra egunean

Martxoaren hasierara arte bisitatu ahal izango da erakusketa hau. Egunero pieza bakarra entzun ahal izango dute bertaratzen direnek, eta pieza bakoitza zehaztasun gehiagorekin ulertzeko, instalazioan bertan jarritako partiturak behatzea gomendatzen dute antolatzaileek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide