"Kantu herrikoiak abestu nahi ditugu, baina tradizioari bizitza emanda"

Juan Luis Romatet 2024ko otsailaren 2a

Korokoiak abesbatzako kide Oihana Urkidi eta Maite Aizpurua. (Juan Luis Romatet)

Sasi Ageda eskea kantu kalejira egingo du Korokoiak abesbatzak igande arratsaldean, kopla zaharrei beste buelta bat emanda. Koruak egingo duen jendaurreko lehen emanaldia izango da.

Korokoiak abesbatzak jendaurreko lehen ekitaldia egingo du etzi, igandean, arratsalde partean. Sasi Ageda eskea festa "kalekumea" antolatu dute Santa Ageda bezperarako, eta kopla zaharrei buelta bat eman eta egungo Zumaiara ekarrita, txokoz txoko ariko dira kantuan.

Abesbatza horrek iazko udan eman zituen lehen pausoak. "Koru bat sortzeko ideia behin eta berriz ateratzen zen gure artean. Pasa den udan hiru lagun elkartu ginen, eta pausoa ematera animatu ginen", gogoratu du Oihana Urkidi abesbatzako kideak. "Uda ez zen geratzeko garai onena, eta irailean hasi ginen entseguekin", jarraitu du.

Taldearen izenak izaera jostagarria islatzen du, koru eta korrokoi edo lazunarekin jolastu dutelako. "Izaeraz koruek edo abesbatzek izan dezaketen formalitatetik kanpo ikusten gara", adierazi du Maite Aizpuruak. Hala, ahalik eta musika talde horizontalena izaten saiatzen direla ere nabarmendu du. "Entseguetan arnasketarekin edo ahotsarekin lotutako ariketak egiten ditugu, gero abesten aritzen gara, eta amaieran beti izaten da asanblada edo bilera". Abestiak ere denen artean erabakitzen dituztela dio Aizpuruak. "Bakoitzak dakien horretan egin behar du ekarpena, hori da koruaren filosofia, baina denok saiatu behar dugu ekarpenak egiten".

Xorieri mintzo zen edo Baldorba bezalako kantuak abesten dituzte ostegunetan edo ostiraletan egiten dituzten entseguetan. "Gure asmoa kantu tradizionalak abestea da, eta horretan ari gara", dio Urkidik. Tradizioari astindu bat eman diotela ere onartzen dute. "Tradizioa gauza bizia da, eta kontua da tradizio hori gurera nola ekarri", azpimarratu du Aizpuruak.

Aktualitatea hizpide

Lanketa horren barruan, igandean Sasi Ageda eskea kantu kalejira egingo du Korokoiak taldeak Zumaiako kaleetan zehar. Santa Agedaren inguruan Aizpuruak aspalditik zuen "obsesio" bati emandako erantzun gisa ikus daiteke igande arratsaldeko saioa. "Azken urteetan banuen kantuan irteteko gogoa, baina horretarako aukerarik ez nuen ikusten. Orain, abesbatza dugunez, eskean irteteko aukera sortu zaigu". Espiritu zirikatzailea ere badago kalejiraren atzean. "Kopla zahar horiek abestean ez gara ari ezer berria egiten, eta koplek, izan jarriak edo bat-batekoak, aktualitateari lotuta egon behar dute. Gero, irakurtzen badituzu, matxistak izateaz gain, pobreen edo ijitoen aurkakoak direla ohartuko zara. Guri buruzko, Zumaiari buruzko, koplak kantatu nahi genituen, zirikitzaileak". Hala, Maddi Gallastegi bertsolariaren laguntzarekin, doinu zaharrei hitz berriak jarri dizkiote, Zumaiako aktualitateari buruzko koplak sortuz.

Taldekideez gain, herritar oro dago kalejiran parte hartzera gonbidatuta. 16:30 aldera abiatuko dira Beheko Plazatik, eta, ondoren, Victoriano Arrate etorbidean, Gernika parkean, Sanjuaniturrian eta Kupela plazan abestuko dute; 20:00 aldera Kofradian amaituko dute. Han, mozorroen argazki txokoa izango da. "Kalekumeak gara, eta baserritarren jantziak mozorro bezala ikusten ditugu. Beraz, ahalik eta mozorro bitxienarekin etortzera gonbidatzen ditugu parte hartzaileak!".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide